Harribitxiak izan ez arren, mimo guztiarekin zaintzen dituzte. Igeldoko Harria eta Uliako Harria lehiaketarako prest daude jada. Harri-jasotzaile izandako Jose Ignacio Saizar –Luxarbe– Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko epaileak, bi harritzarrak ondo garbitu eta prestatuta utzi zituen atzo, datorren larunbatean Donostiako Trinitate plazan distira egin dezaten (18.30ean).
Igeldoko Harria txapelketa izaten da herri kirol zaleen artean udako probarik entzutetsuenetakoa, landu gabeko harri naturalekin jokatzen baita. Naturan aurkitu ziren bezalaxe altxatu behar izaten dituzte harri-jasotzaileek. Igeldoko Harriak 135 kilo inguru pisatzen ditu, eta 2022tik emakumezkoen lehiaketarako erabiltzen den Uliako Harriak, 70 kilo inguru. Lehia batean zein bestean, harri-jasotzaileek ezin dute magnesiorik edo erretxinarik erabili harriari hobeto heltzeko.
Bi harriak udalaren biltegietan gorde ohi dira urtean zehar, lehiaketa jokatzeko garaia hurbildu arte. Atzo garbitu zituen biak Luxarbek Astigarragako Goikoetxe baserrian: “Beti bezala garbitu ditut, disolbatzaile, lixiba eta ozpinarekin. Ahalik eta txukunen uzten saiatzen naiz. Aurreko urteko izerdi hondarrak eta orbanak kentzen saiatu, eta ahalik eta garbien uzten. Normalean ordu pare batean lehortzen dira, baina oraingoan hezetasun handixeagoa zegoen”.
Luxarbek berak deskubritu zuen Igeldoko Harria Luis Mari Telleria eta Javier Etxeberriarekin batera, itsasoaren ondoan, Igeldoko Agiti baserritik gertu. Donostiako Udalak harri baldar bat eskatu zion txapelketa bat antolatzeko Joxe Etxebeste aizkolariari. “Etxebesteri denbora joan zitzaion, lehiaketarako egun gutxiren faltan deitu zigun, todo-terreno zahar batean joan, eta halaxe atera genuen”.
Handik egun batzuetara lehenengo edizioa jokatu zen, 1992an, eta Luis Mari Telleria bera nagusitu zen hamabi jasoaldirekin.
Uliako harria atera zutenean ere, Zurriolako hondartzatik gertu, hantxe izan zen Saizar, Joseba Ostolaza, Imanol Royo –Lartain– eta beste bospasei lagunekin batera, “ederki kosta zi-tzaigun harria ateratzea” aitortu du.
Beraz, bi harriak prest daude datorren larunbatean protagonista nagusi izateko.