Berdintasunezko politikak gauzatzeko eta gizarte inklusiboa eraikitzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du Orioko Udalak Ahalduntze Eskolaren kudeaketaz arduratzen den Pertzetik elkarte feministarekin hitzarmena sinatzean.

Formakuntzaz berdintasun-teknikariak dira Eider Goiburu eta Aizpea Esnaola oriotarrak. 2019an jo zuten Udalera, faltan sumatzen zituzten berdintasunari lotutako dinamikak martxan jartzeko asmoz. Alderdi politiko guztien adostasunarekin, Orioko emakumeen beharren diagnosia egin zuten urte hartan bertan eta, handik gutxira, 2020ko urtarrilean, zabaldu zituen ateak Ahalduntze Eskolak. Orduan, Miriam Garciarekin batera, Pertzetik elkarte feminista sortu zuten, eta herriaren eta emakumeen beharrei erantzuteko lanean ari dira geroztik.

2022ra begira, orain arte egindako urratsei jarraipena eta egonkortasuna emateko, hitzarmena sinatu dute Udalarekin.

Ahalduntze Eskolari bideratutako partida indartu egingo da, hala zehaztu da urteko aurrekontu orokorrean. Ondorengo helburuak izango dituzte aurten, hurrenez hurren: aurrez aurreko arreta zabaltzea, komunikazio-estrategiak indartzea, aholkularitza juridikoaren zerbitzua sendotzea eta, pixkanaka bada ere, Etxe Morea sor-tzeko prozesua abian jarri nahi da.

Gainera, azaroan aurkeztu zuten Gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako II. diagnostikoa oinarri hartuta, Berdintasun Plana gara-tzen ari dira. Martxoaren 1ean egin zuten lehen saio irekia, eta hilaren 29an aurkeztuko dute plana, 18.30ean, kultur etxeko areto nagusian. Honek, herriaren egungo argazkia erakusten du, eta errealitate hori eraldatzeko jarraibideak eskaintzen ditu.