Zarautz | Esperantzaren Euskal Jai Eguna

10.09.2021 | 00:33
Miren Huegun eta bere kuadrila.

Udalak ekitaldi guztiak bertan behera utzi baditu ere, iaz baino gehiago jantzi da Zarautz

urteko egunik politena. Hala izan ohi da irailak 9a zarauztar askorentzat. Festa giroan, herriko kalek euskal dantza, musika, abesti, jantzi eta giro alaiarekin betetzen dira. Atzokoa, ordea, ez zen izan ohi bezain egun borobila.

Bigarren urtez jarraian osasun egoerak ez du ahalbidetu festa bere horretan ospatzerik. Udalak, Euskal Jai Eguneko ekitaldi guztiak bertan behera geratzen zirela jakinarazi zuen abuztuaren 26an sinatutako bandoan. Galarazi egin zituen "arriskua sor dezaketeen edo egoerarekin bateraezinak diren ekitaldi eta jarduera" guztiak. Dena den, alkatetzatik adierazi bezala, "murrizketak izango diren azken urtea" izango delaren esperantzarekin hasi zuten jardunaldia eta argi-izpi hori herritarrengan nabaritu zen. Pasa den urtearekin alderatuz, baserritarren arropa gehiago ikusi ziren kaleetan. "Nahiz eta festak antzekotasun handirik ez izan, Euskal Jai espiritua mantentzeko modu bat da" iri-tzi zuen Miren Huegunek. Ohiturak jarraituz, Huegun goizean goiz atera zen kalera kuadrilakoekin, hamaiketakoa egitera. Asmo horrekin atera ziren beste hainbat lagun talde etxetik.

Hala ere, eguerdia izan zen kaleetan jende gehien ibili zen unea. Eguna zurrupatzeko, Euskal Jai Egunean ohikoak diren ibilgailuak (karroak, karrotxoak, traktoreak, karrozak...) alde batera utzi, eta mahai baten bueltan bazkaldu zuten zarauztarrek. Batzuk elkarteetan bildu ziren eta beste hainbatek nahiago izan zuten jatetxeetara jo. Helburua, ordea, bakarra zen: gertuko pertsonekin eguna ahalik eta ondoen pasatzea, segurtasun neurriak errespetatuz, noski.

Atzokoarekin nahikoa izan ez zuenak, bihar izango du beste hi-tzordu bat Euskal Astearen baitan. Alproja Antzerki Taldeak bere Etxegabetuak lanaren emanaldi bikoitza egingo du Lizardi Kirol Aretoan, 10.30ean izango da lehena eta 12.15ean, bigarrena.

noticias de noticiasdegipuzkoa