- Gaurtik hasi eta ostirala bitartean, hainbat ekintza egingo dira Urola Kostan AECC Gipuzkoaren eskutik. Horien bidez, bazkideak erakarri nahi dituzte, gaixo eta senideekiko arreta indartzeko eta minbiziak jotako biztanle gehiagorengana iristeko.

Gaur, Larruazalaren zainketa paziente onkologikoetan izeneko online ikastaroarekin emango diote hasiera, 11.00etan. Bertan, minbizia duten gaixoen larruazala zaintzeari buruzko jarraibideak eta aholkuak emango dituzte Ane Aretxabaleta eta Miren Izeta Monte Albertiako kideek.

Bihar, Komunitate errukitsuak: Zarauzko esperientzia hitzaldia eskainiko dute Iñaki Peñak eta Anjel Irastorzak, Zarautz, Herri Zaintzailea elkarteko kideak dira biak. Saioa Zarauzko Modelo aretoan izango da, baina streaming bidez zuzenean ikusteko aukera eskainiko da Gipuzkoako AECC-ren sare sozialetan.

Asteazkenean, dantza terapeutikoaren txanda iritsiko da Zarauzko hondartzara (10.30ean). Gil Harush terapeuta eta koreografoa izango da bertan. Ostegunean, yoga saioarekin jarraituko dute. 11.00etan izango da, Aritzbatalde kiroldegian. Merche Fernandez ibiliko da irakasle lanetan. Arratsaldean, berriz, Azpeitiara lekualdatuko da egitaraua. Zaintzailearentzako zainketak hitzaldia egongo da Basazabal Jauregian, 17.00etan. Gipuzkoako AECCko Miriam Marquez psikologoa izango da bertako hizlaria.

Ostiralean, Urola Kostako minbiziaren aurkako asteko azkenengo egunean, mina mugimenduaren bidez arintzeko tailerra eskainiko da Zarauzko Antoniano aretoan (11.00etan). Tailer praktiko honetan jarraibide eta aholku erabilgarriak emango ditu Eugenia Olloquiegui Onkologian espezializatutako fisioterapeutak. Bukatzeko, arratsalderako Sormenaren tailerra prestatu dute, Zarauzko Emakumeen Etxean.

Jarduera guztiek edukiera mugatua izango dute eta gonbidapena Internet bidez hartu beharko da (www.minbiziarenaurkakoastea.com).