- Modu ezberdin baina magiko batean helduko dira aurten Errege Magoak Zarautzera. Urtarrilaren 5ean ospatu ohi den kabalgata ezingo da egin COVID-19 pandemia dela eta. Horren ordez, ordea, antolatzaileak diren Schola Cantorum eta Zarauzko Udalak bideo berezi bat prestatu dute, Errege Magoen Zarauzko urteroko etorrera ikusi ahal izateko, .

Juanfe Garces zarauztarra ibili da errealizadore lanetan eta egoera honetarako bereziki sortutako lana, urtarrilaren 5ean emitituko da telebistan: ETB3an, 19.00etan eta Erlo Telebistan, 20.00etan. Online ikusteko aukera ere izango da, Zarauzko Udaleko web orrian eta YouTube kanalean, 19.00etatik aurrera.

Bitarte honetan, bideo berezi honen emisioa jakitera ematen duen spot bat argitaratu du Udalak. Udal web orrialdean eta sare sozialetan zabaldu dute, besteak beste.

Bestetik, aipatutako arrazoia tarteko, aurten Bizar Zurik, Errege Magoen postariak, ezingo du Zarautzera etorri. Hala ere, haurrek euren gutunak Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoei urtero bezala helarazteko, postontzi bat jarri dute Lege Zaharren enparantzan.

Zarauzko Udaletik jakitera eman dutenez, herriko kaleetan jende pilaketak ekiditeko helburuarekin hartu dute erabaki hau.