- Zarauzko Modelo aretora 2019an Bilboko Mendi Film jaialdian proiektatu zituzten hiru film labur eta bi luze hartuko ditu Pagoeta Mendizale Elkartearen eskuz.

Ostegunean ikusi ahal izango dira lehen biak arratsaldeko 20.00etatik aurrera. Karteldegia, gainera, Zarauzko Iker Larrañaga eta Jon Goikoetxearen Elur Goritan lanak irekiko du.

Etxean proiekzioa aurkezteak "poz handia" ematen die zuzendariei, baina era berean, "eratzukizuna handia da".

Zazpi abenturazale euskaldun elkartzen ditu film labur honek, eskia eta elurra uztartzen diren mendi batean. Zehazki, Kamchatkako (Errusia) kontakizunak ditu hizpide. "Penintsula ezezaguna da. 50 urtetan lurraldea itxita izan da militarrak zeudelako eta oraindik turismo gutxi dago. Horregatik aukeratu genuen", azaldu du Iker Larrañaga zuzendarietako batek.

Eskiak hartuta, bertako mendi eta sumendietatik ibili ziren pasa den urteko apirilean eta grabaketa "oso gogorra" izan zela aitortu du: "Hotz handia egiten du inguru horietan eta ia 25 kilo kamera-ekipoa gainean hartuta egin behar izan nuen grabazioa".

Ondo ezaguna du, ordea, Larrañagak mundu hau, bera ere eskiatzailea izandakoa baita. Hala eta guztiz, lehenengo aldia da mendiko eskiaren inguruko lan bat egiten duena.

Elur Goritanen baitan, bi bideo ezberdin grabatu dituzte; bata 15 minutu ingurukoa eta bestea, 40koa. Zarautzera laburra ekarri dute eta hein batean, "esklusiboa" ere izango da. Euskal Herriko hainbat herrietatik pasa badira ere, "oso leku gutxitan" erakutsi baitute azken hau.