- "Santiago hondartza balio ekologiko handiko eremua da, baina espezie exotiko inbaditzaile ugari daude bertan. Oenotera glazioviana, Onagra, Connyza sp edo Carpobrotus bezalako espezieak modu artifizialean sartutako landareak dira, eta espezie autoktonoek bete beharko luketen lekua hartzen dute", azaldu dute Lurgaia Fundaziotik. Honek, Zumaiako Udalarekin batera, Santiago hondartzako dunetan espezie exotiko inbaditzaileak (EEI) deuseztatu eta kontrolatzeko auzolan saioa antolatu du biharko. "Espezie exotiko inbaditzaileak arazo izugarria eragiten dute mundu osoko biodibertsitatean, eta dunak bereziki sentikorrak dira espezie horiekiko", gehitu dute.

Saioa hasi aurretik gaiaren inguruko azalpenak emango dituzte Lurgaia Fundazioko kideek, eta argibide zehatzak emango dituzte landareak identifikatu eta horiek modu seguruan ateratzeko.

Hala, bihar 9.30ean elkartuko dira Santigoko aparkaleakuan. Beharrezkoa izango da segurtasun- eta higiene-neurriak betetzea. Beraz, maskara jantzita eduki beharko da. Lanerako eskularruak, berriz, saioan bertan banatuko dituzte. Ildo beretik, COVID-19arekin bateragarria den sintomarik izanez gero, saioan ez parte har-tzeko eskatu dute.

Ura eta jana etxetik ekartzea gomendatzen da, goiz osora luzatuko baita ekimena. Oinetakoei dagokienez, mendiko botak edo antzekoak eramateko deia egin dute.