- Egungo egoerak ez du aukerarik ematen aurten ohiko udaleku irekiak edo gazte abentura jarduerak antolatzeko. Horren aurrean, Orioko Udalak eta Txurrumuski elkarteak elkarlanean alternatiba bat aurkeztu dute. "Proposamena bat dator krisiaren hasieran Orion martxan jarri zen zaintza-sarearen irizpideekin eta erantzun egoki bat eman nahi diegu zerbitzuaren premia duten haur eta familiei", zehaztu zuen Xabier Ibarguren gazteriako zinegotziak.

Udan elkar zaintzen izena jarri diote eta eskaintza "mugatua" izango da. Hau da, bakar-bakarrik horren beharra duten haur eta familiei zuzenduko zaie. Behar hori ez dutenei edota moduren batera edo bestera molda-tzeko aukera dutenei zerbitzu honen eskaera ez egiteko eskatu zaie.

Zentzu honetan, bi irizpide hartuko dituzte abiapuntu aukeraketa egiteko: guraso, arduradun edo tutorearen lan-egoera eta familiak duen zaintza sarea; hau da, senide edo gertukorik ba ote duen haurraz arduratzeko.

Zerbitzua uztailean hasiko da eta abuztua bukaera arte emango dute. Hamabostaldika banatuko dituzte eta ordutegi zehatzik ez den arren, proposamenetako bat 7.30etik 14.00etara egitea da. Prezioari dagokionez, hamabostaldi bakoitzeko 40 eurokoa izango da haur bakoitzeko. Izena eman nahi duenak, Udalak webgunean zintzilikatu duen galdetegia bete beharko du.

Zumaiaren kasuan, udalekuak eta udazaintza zerbitzua bertan behera utzi ditu Udalak. Zarautz Getaria eta Aia herrietan, berriz, aisialdi elkarteekin bilerak egiten ari dira eta hurrengo egunetan emango dute erabakiaren berri.