zestoa Zestoako Iraeta auzoan Santa Ines jaietarako egitaraua prest dute dagoeneko. Aurtengoan, urtarrilaren 18tik 25era bitartean ospatuko dituzte festak. Egun horietan zehar izango da zer gozatu bertan. Ohi bezala, haurrentzako ekintzak, herri kirolak, pintxo lehiaketa izango dira. Oraingoan ere ekitaldi nagusietako bat garagardo afaria izango da. Azken egunean egingo dute eta bertara joan nahi dutenek dagoeneko eros ditzakete txartelak, 20 euro ordainduta. Iraeta tabernan, Aizarnazabalgo Troxkan eta Zestoako Koiote nahiz Portale tabernetan eskura daitezke sarrerak, hilaren 23ra bitartean. Iluntzeko 20.30ean izango da hitzordua eta 00.00ak bitartean ez da jan-edanik faltako auzoko frontoian. Saltxitxak, ukondoa, postrea eta nahi adina garagardoz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ondoren, Iratzar taldearen erromeriak alaituko du giroa. Beste ekintza garrantzitsuenetako bat XXXI. Iraeta Mus Txapelketa Azkarra izango da. Hilaren 24an jokatuko da, Bekotxe tabernan. 22.00etatik aurrera eman beharko da izena, bikoteko 30 euro ordainduta eta lehia, 22.30ean hastea aurreikusten dute. Lehen sailkatuentzat hainbat sari izango dira: 1.000 euro, txapela eta garaikurrak jasoko dituzte irabazleek; 400 euro eta garaikurrak bigarren sailkatzen direnek; 200 euro hirugarren postua eskuratzen dutenek; eta ehun euro laugarren sailkatuek. Beste egunetan ere izango da zer egin bertan. Txupinazoa hilaren 18an egingo dute 11.00etan. A.Z.