San Joan pilota txapelketako finalak jokatuko dira bihar Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Parte hartzaileen artean urretxuar bat egongo da: Oier Ibarluzea. Kadete mailako finala jokatuko du, Sanchez nafarraren aurka. Oso partida berezia izango da beraren-tzat, Ederrenan eman baitzituen lehen pausoak pilota munduan, San Joan txapelketa antolatzen duen Goierri kirol elkartearen eskutik. Egun, Lazkaoko Lapke klubeko kidea da.

Ibarluzea 2006an jaio zen eta oso umetan hasi zen pilotan jokatzen. "Nire familia pilotazalea da. Aitonak (Inazio) pilotan jokatu zuen eta, gainera, Urretxuko pilota eskolaz arduratu zen. Aita (Iñaki) ere pilotaria izan zen. Eta anaiak (Ander) pilotan jokatzen du. Niri hiru urterekin pilota eskuan jarri zidaten".

Ordutik ez dio pilotan jokatzeari utzi. Aurrean jokatzen du. "Pilota indarrez mugitzen duen pilotaria naizela uste dut. Teknikoki ez naiz onena, baina bi esku on ditut".

Lehen pausoak Goierri kirol elkartean eman zituen. "bost urterekin hasi nintzen. Kuadrillako ia guztiok pilotan joka-tzen genuen. Baina duela bi urte bakarrik gelditu nintzen eta beste klub batera joatea erabaki nuen".

Lazkaoko Lapke kluba hautatu zuen. "Nire ustez, Euskal Herriko klub onenen artean dago. Jabi Gelbentzu lehendakariak eta Asier Mintegi entrenatzaileak sekulako lana egiten dute".

Txapel asko irabazi ditu dagoeneko. Gipuzkoako txapelketa bi aldiz irabazi du dagoeneko: kimu mailan eta kadete mailan. Asteburu honetan hiru final ditu: Gipuzkoakoa, San Joan txapelketakoa eta Berria txapelketakoa. Bereziena Urretxukoa da, noski. "Lehen aldiz jokatuko dut San Joan txapelketako finala. Ezagunen aurrean jokatzea oso berezia da. Etxean jokatzen duzunean asko animatzen zaituzte eta motibatuago hasten duzu partida".

Gustura dago orain arte egindako lanarekin. Finala zailagoa izango dela uste du. "Finala irabaztea zail samarra izango da. Sanchez nafarra aspalditik ezagutzen dut. Umetatik lehia handia izan dugu, beti batak edo besteak irabazi baitu".

Ibarluzeak eta Sanchezek jokatuko duten partidaren ondoren, Irribarriak (Lapke) eta Amianok (Tolosa) promesa mailako finala jokatuko dute. Bukatzeko, senior mailako finala jokatuko da: Mata (Oberena)-Elizegi (Tartaloetxe) bikoteak Mendizabal (Soraluze)-Lizeaga (Hernani) bikotearekin neurtuko ditu indarrak. l

Promesa mailako finala Irribarriak eta Amianok jokatuko dute eta senior mailakoa Mata-Elizegi eta Mendizabal-Lizeaga bikoteek