- Udalek hurrengo urteko antzerki eta ikuskizun eszenikoen egitaraua ezagutarazi dute Urretxun eta Zumarragan. Helduentzako bederatzi ikuskizun egongo dira. Horien artean, Chema Tena urretxuarrarena. Urretxuko aktoreak Doberman lana zuzendu behar du eta maiatzaren 6an Zumarragara ekarriko du.

Programazioa otsailaren 4an hasiko da, Kottauak lanarekin. Protagonistak 14 hilabeteko sexu-lehortea daramaten gizonezkoa eta emakumezkoa dira. Antzezlan honetako aktoreak Ane Gabarain donostiarra eta Mikel Laskurain bergararra dira.

Martxoaren 4an, Yllana konpainiak The Primitals antzeztuko du. An-tzezlan honetako protagonistak tribu xelebre bateko lau kide dira. Apirilaren 1ean, Axut-Artedrama taldeak Amua antzeztuko du. Anak bere gaztaroko bi maitale gonbidatuko ditu Iratiko etxola batera. Baina bi maitaleek ez dakite hiru izango direla.

Maiatzaren 6an Tenak zuzendutako Doberman lanaz gozatzeko aukera egongo da. Protagonistak jatorri ezberdineko bi emakume dira: elkar ezagutu berri duten bi emakumeen arteko solasaldia guda bilakatuko da.

Udako oporren aurreko azken ikuskizuna Arineketan izango da. Iñar Sastre pianistaren eta Jagoba Astiazaran txistulariaren proiektua da. Zelai Ariztira Haatik dantza konpainiako kideekin etorriko dira.

Irailaren 2an Winona&Grace lanaz gozatzeko aukera egongo da. Aktore izatearen eta bizitza arteari eskaintzearen inguruko testua da.

Urriaren 7an, Teatro Corsario taldeak La Celestina infernal txotxongilo lana antzeztuko du. Maitasuna, erotismoa, indarkeria, heriotza, umorea... Azaroaren 4an Zuhaitz Gurrutxagak Futbolistok bakarrizketa egingo du. Realean jokatzen zuen garaiko pasarteak kontatuko ditu eta garai hartatik pairatu duen asaldura obsesibo konpultsiboaz hitz egingo du.

Bukatzeko, abenduaren 2an Benditas, todo viene del cielo lanaz goza-tzeko aukera egongo da. Protagonistak agerraldi baten lekuko izan direla uste duten bi artzain dira.

Emanaldi guztiak 20.15ean izango dira, Zelai Arizti aretoan. Sarrerak 10 euro balio du eta bederatzi ikuskizunetarako bonua erosi ahal izango da, 70 euroan. Baita euskarazko emanaldien bonua ere, 35 euroren truke.

Bonuak urtarrilean jarriko dira salgai, Zelai Arizti kultur etxean: 10ean 2021eko bonua mantendu nahi dutenentzat (aurkeztu behar da), 12an bonua aldatu nahi dutenentzat (bonua aurkeztuta) eta 15ean bonua lehen aldiz erosi edo euskarazko emanaldietarako bonua nahi dutenentzat.