Zumarragako ezpata-dantza, Zumarragako Trikitixa, Pello Lizarralde eta Antxiñe Mendizabal idazleak, Xabier Zaldua herri kirolaria... hauek dira Zumarragak euskal kulturari eta euskarai egindako ekarpen batzuk. Eta tradizionalki industriari emandako herria izan bada ere, dagoeneko artzain bat ere badu. Euskaldun peto-petoa eta bertsolaria gainera, Xalbador bezala. Eta etorkinen biloba da! Zumarragan ere zerbait ondo egiten den seinale...

Hilaren 12an Artzain Eskolak 24. ikasturteko diplomak banatu zituen eta hamahiru artzain berrien artean zumarragar bat dago: Samuel Segade. Aitonarengandik (Nicomedes Núñez) datorkio bokazioa. "Aitonak Antzuolan borda bat zuen. Asteburua heltzen zenean, motxila hartu eta Antzuolara joaten ginen, aitonarengana. Eta han beti zegoen zer egin: ardiak, ahuntzak, oiloak, baratza... bost urterekin txerri bat eskatu nion Olentzerori", oroitzen du.

Baina beste ikasketa batzuk egin zituen Artzain Eskolara joan aurretik. "Baso kudeaketa ikasi nuen Fraisoron eta ondoren mekanizazio ikasketak hasi nituen. Baina tailerreko lana ez zitzaidan batere gustatu eta Artzain Eskolara jo nuen. Ezin naiz toki itxian egon. Mendian edo ganaduarekin egotea gustatzen zait".

Aspalditik zuen Artzain Eskolara joateko asmoa, baina zerotik astea oso zaila da. Hori dela eta, baso kudeaketa ikastea erabaki zuen. "Praktikak mendian egin nituen, Legazpiko enpresa batekin pinuak ateratzen. 7.00etan irteten nintzen etxetik eta 20.00etan itzultzen nintzen. Gustuko lana dut, baina egunero horrela ibili beharra...".

Gainera, basoek geroz eta balio gutxiago dute. Basoan etorkizun handirik ez dagoela ikusita, Artzain Eskolara joatea erabaki zuen. "Artzaintza ere ez da samurra, baina eguneroko lana norberak antola dezake. Basoan lan egun guztiak berdinak dira eta, gainera, lan fisikoagoa da".

Gustura egon da Artzain Eskolan. "Asko ikasi dugu eta ikuspuntu ezberdinak ezagutu ditugu. Osasun kontuak, animaliak nola zaindu, elikadura, suertatu daitezkeen arazoak, prezioak, nori saldu... Ardiez nekien apurra ia ahaztua nuen, aitona duela hamahiru urte hil baitzen. Gainera, umea nintzen eta gazta etxerako bakarrik egiten zuen".

Aitonak artzaintzaz asko zekien, ordea. "Gaztetan artzaina izan zen bere jaioterrian, Extremaduran. Ondoren Euskal Herrira etorri zen eta Bergarako fabrika batean eta okindegi batean lan egin zuen. Jubilatu zenean, ardiak erosi zituen".

Segadek ere ardiak erosteko asmoa du. "Legazpiko Erraizabal baserrian lan egiten ari naiz. Oso gustura nago. Oso jatorrak dira eta horrek lana asko errazten du. Kanpaina osoa egin nahi dut beraiekin, artzainaren lan urtea nolakoa den ezagutzeko. Izan ere, aitona ez zen profesionala".

Badaki bere kontura jartzea ez dela erraza izango. "Hemen baso asko dago eta larre ia guztiak okupatuta daude. Poliki-poliki hasi nahi dut. Zerotik hastea oso zaila da, baina beste batzuk ere egin dute".

Segade Legazpiko Erraizabal baserrian lan egiten ari da eta ofizioa ikasitakoan artalde bat erosi nahi du