Gazte mailako aurresku txapelketa jokatuko da gaur Legazpin

Saioa 16.30ean hasiko da eta sarrerak 15.30etik aurrera banatuko dituzte, Latxartegi aretoko leihatilan

13.03.2021 | 00:12

legazpi – Gaur, 16.30ean, gazte mailako gipuzkoar aurresku txapelketa jokatuko da Legazpiko Latxartegi aretoan. Ekitaldi hau Udalak eta Sustraiak dantza taldeak antolatu dute.

Legazpin jokatuko den txapelketa hau Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatu duen hirugarren aurresku txapelketako lehen saioa da. 2006 eta 2010 artean jaiotako Gipuzkoa osoko 39 dantzarik parte hartuko dute, bi taldetan banatuta. Latxartegi aretoko txarteldegia 15.30ean irekiko dute eta ateak 16.15ean irekiko dituzte.

Legazpiko Sustraiak taldeko zazpi dantzarik parte hartuko dute: Ekain Maniega, Irune Azpeitia, Maria Sanchez, Laia Arruabarrena, Amaia Azpeitia, Markel Garmendia eta Naroa Sanchez. Lehen hiruak B taldean arituko dira eta beste lauak D taldean.

B taldeko gainontzeko dantzariak Maialen Pizarro, Amaia Mendia, Duna Santos eta Elaia Etxaniz elgoibartarrak; Mikel Esnaola eta Inge Olaizola lezoarrak; Danel Castillo pasaiatarra; Naroa Aguado, Eider Zabala eta Clara Larrañaga amasa-villabonatarrak; Bidane Callejo, Amaiur Tejeria eta Garazi Oiartzabal zizurkildarrak; Xanet Urretabizkaia amezketarra eta Irati Larrañaga eta June Larrañaga andoaindarrak dira.

D taldeko gainontzeko dantzariak Nerea Galindo mendarotarra; Malen Galarraga, Eneko Etxaniz eta Jon Etxeberria elgoibartarrak; Naroa Arretxe, Alaia Ait Chaau, Iraide Martinez de Albeniz, Izadi Urbano eta Naiara Rodrigo amasa-villabonatarrak; Aetz San Sebastian ataundarra; Araitz Ramos eta Nerea Aznarez lasarte-oriatarrak; Maddi Oria zizurkildarra eta Ane Jaunarena, Ihintza Campiña eta Nahia Pikabea lezoarrak dira.

noticias de noticiasdegipuzkoa