- Urretxuko eta Zumarragako herri kirol elkarteak zuzendaritza berria du eta bazkide kanpaina martxan jarri du. Bazkideek 50 euro ordainduko dute urtero eta elkartearen ekitaldietako baten antolaketan lagunduko dute gutxienez.

Izaskun Arruti idazkariak eman du elkartearen egitasmoen berri. “Senarra elkarteko kidea da eta azkeneko bileran zuzendaritzako kideek zuzendaritza uzteko asmoa azaldu zuten. 15 eguneko epea eman zuten eta inor aurkezten ez bazen taldea desegin egingo zela esan zuten. Bazkide batek bere burua eskaini zuen. Egun tramite guztiak telematikoki egiten dira eta bazkideak ez daude horretara ohituta. Lan horiek nik egingo nituela esan nuenez, jende gehiago animatu zen”.

Zuzendaritza bost kidek osatuko dute: Iñaki Irigoras lehendakariak, Josu Zabaleta diruzainak, Patxi eta Julen Aranberri bokalek eta Izaskun Arrue idazkariak. 24 bazkide dira eta gehiago lortu nahi dituzte. “Baldintza bakarrak herri kirolak gustuko izatea, gutxienez urtean zehar antolatzen den ekitaldietako batean laguntzea eta 50 euroko kuota ordaintzea dira”.

Bazkide egin nahi dutenek uzherrikirolak@hotmail.com helbide elektronikora mezua bidali behar dute edo Zumarragako Zelai Arizti kultur etxera jo behar dute. Gaur egongo dira bertan, 18.00etatik 19.30era. Gaur kultur etxera joaterik ez dutenek, gainontzeko egunetan harreran beraien datuak eman ditzakete.

Taldeak Pazko Asteleheneko, San Joan eguneko, Buzkantza Eguneko eta Santa Lutzi eguneko herri kirol saioak, Santa Isabel eta Santa Anastasia jaietako eta Santa Lutzi eguneko idi probak eta Urretxuko jaietako Kuadrillen Eguneko sokatira antolatzen ditu.

Zuzendaritza berriaren helburuetako bat ekitaldi gehiago antolatzea da. “Azken urteetan idi probak eta aizkolarien saioak antolatu ditugu, horiek baitira herrian ditugun kirolariak. Baina gainontzeko kirolak ere sustatu nahi ditugu. Eta emakumeen presentzia indartu nahi dugu”.