Balkoietan ospatuko dute Santikutz eguna

10.00etan txistulariek kalejira egingo dute eta 12.00etan ezpata dantzaz gozatu ahal izango da

03.05.2020 | 01:18

legazpi – Koronabirusa dela eta, balkoietan eta pantailen aurrean ospatu beharko dute gaur legazpiarrek Santikutz eguna. Horrek ez du esan nahi festa giroa egongo ez denik. Izan ere, makina bat ekitaldi antolatu dira egun hauetarako.

Gaur, 10.00etan txistulariek kalejira egingo dute, 12.00etan Santikutz martxaz eta ezpata dantzaz gozatu ahal izango da, 16.00etan lehiaketako hirugarren galdera luzatuko dute, 18.00etan Euskaraldia aurkeztuko dute eta 20.00etan sukaldaritza eta mozorro lehiaketen irabazleak zein-tzuk izan diren iragarriko dute.

Txistulariek kamioian egingo dute kalejira. Gainontzeko ekitaldi guztiak legazpinsortzecovidea.eus webgunean izango dira. Webgune hori konfinamendu garaiaren hasieran sortu zuten legazpiarren hartu-emana sustatzeko eta bertan makina bat argazki eta bideo ikus daitezke. Udalaren webgunean, berriz, iazko jaietako bideoak ikus daitezke.