Bere sorreraren 75. urteurrena ospatzeko, Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak ekintza ugari burutu ditu urte honetan zehar baina antolatutako egitaraua borobiltzeko hilaren 27an egitekoa den 75 urte eguna falta da.

Mendizale elkarteko zuzendaritza taldeko lagunek lan asko egin behar izan dute azken boladan jardunaldi berezi hori behar bezala prestatzeko baina covid-19ak eragindako pandemiak azken asteotan herrian izan duen bilakaera txarra ikusita (Eusko Jaurlaritzak ostegunean emandako datuen arabera intzidentzia-tasa 1.018koa da Azpeitian) 75 urte eguna, eta bereziki horren baitan antolatutako herri bazkaria, kolokan dago.

Arantxa Larrañaga Lagun Onak Mendi Bazkunaren presidenteak egunkari honi atzo jakinarazi zionez, “Udaletik edota bestelako erakundeetatik kontrakoa esaten ez badigute, 75 urte eguna aurreikusita daukagun bezala ospatzeko asmoa dugu”.

Larrañagak ondo daki pandemiak “herrian suziria moduan goruntz” doala eta horregatik argi dauka: “Bazkaria egiten badugu, bertara-tzen diren guztiek pandemiari aurre egiteko ezarrita dauden segurtasun neurri guztiak ondo baino hobeto bete beharko dituzte”. Bere ustetan datorren larunbaterako antolatutako herri bazkaria (ehun bat lagunek eman dute izena) ospatzea posible da “azoka plazako eremua zabala delako eta ezkontza bat balitz inork ez zuelako zalantzan jarriko egin ahalko zela”.

Mendi Bazkunaren 75 urte eguna abiatzeko Araun-tzara mendi txangoa egingo da “taldeak bere lehen irteera ofizialean egin zuen bezala”; eta parte hartzeko “nahikoa da 8.30ean Plazan azaltzea”.

Horren ondoren, falta diren elkarteko kide guztien omenezko lore eskaintza (10.30ean Arauntza gailurrean) eta meza (13.00etan Parrokian), historian zehar elkarteko batzordekide izan diren guztiekin taldeko argazkia (14.15ean azoka plazan), bazkaria (14.30ean), bertsolariekin eta trikitilariekin girotutako bazkalondoa (15.30ean) eta umeentzako jolas eta puzgarriak (arratsalde osoan zehar plazan) izango dira. Dena prest dago baina ospakizuna... kolokan.