Azpeitia | Dendarien Stock Azoka izango da ostiral eta larunbatean

43 saltokiren denboraldiz kanpoko produktuak erosi ahalko dira bertan, prezio ezin hobeetan

10.09.2021 | 00:33
Azpeitiko dendariak gaur arratsaldean hasiko den Stock Azoka aurkezteko agerraldian. Argazkia: N.G.

Azpeitia – Bigarren urtez jarraian osasun larrialdi egoerak baldintzatuta izango bada ere, Azpeitiko dendariek Stock Azokaren edizio berria ospatuko dute gaur (16.00etatik 20.00etara) eta bihar (10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 20.00etara) bitartean. Aurreko urteotan bezala, herritarrek denboraldiz kanpoko mota askotariko produktu eta artikuluak erosi ahalko dituzte ferian, prezio ezin hobeetan.

Aurtengoan 43 saltoki izango dira ekintzan parte hartuko dutenak. Guzti horietatik, hamaika establezimenduk Stock Azokaren gune nagusia bilakatuko den Azoka Plazan izango dute postua eta beste 32 merkatariek beren establezimenduren aurrean ipinitako postuetan eskainiko dituzte okasiorako egokitutako eskaintza.

Pandemia dela eta, Bertan Merkatari Elkarteak osasun egoerari dagozkion osasun neurriak ezarriko ditu Stockaren garapenean. Elkartetik jakinarazi dutenez, "Azoka Plazara sartzeko aforoa kontrolatuko da, gehienezko pertsona kopurua mugatuz, eta postuen zein pertsonen arteko segurtasun distantzia bermatuko da une oro, bai Azoka Plazan zein denden kanpoaldetako postuetan. Aldi berean, gel hidroalkoholikoen erabilera eskatuko da eta ukituak izan diren produktu guztiak desinfektatu egingo dira berriro bezeroei eskuragarri jarri baino lehen".

Bestalde, Berti, Bertan Elkarteko maskota, herriko kaleetan zehar ibiliko da ekimenaren berri eman eta berau girotzeko.

Ingelesezko antzerkia Kids&Us akademiak Stock Azokarekin bat egin du eta bat eta hiru urte arteko haurrei zuzenduriko ingelesezko antzerkia eskainiko du gaur arratsaldean (17.00, 18.00 eta 19.00etan) akademiaren parkean. Aforo mugatua izango da eta gonbidapenak entradium.com web gunean eskura daitezke.

noticias de noticiasdegipuzkoa