Azpeitiako Loiola basilikak urtero antolatzen den Organo zikloa Musika Hamabostaldiaren barruan bi kontzertu eskainiko ditu abuztuan. Abuztuak 2 eta 19, zehazki, eta uztailaren 28ra arte gonbidapenak lortu daitezke Azpeitiako Udalaren Kultura sailean.

Udaletik jakinarazi dutenez, "covid-19a dela eta ikus-entzule mugatua izango dute kontzertuek, eta horregatik, beharrezkoa izango da gonbidapenak aurrez hartzea". Pertsona bakoitzak, gehienez ere, lau sarrera hartzeko aukera izango du.

Edonola ere, aurtengo Organo zikloaren baitan Loiolako basilikan abuztuaren 3an ikusi ahalko den aurreneko kontzertua Giampaolo di Rosa organujoleak eskainiko du (20.00etan).

Abuztuaren 19an, berriz, Ander Telleria (akordeoi mesotonikoa), Anna Margules (flauta), Vanesa García (sopranoa), Elena Ruiz (mezzosopranoa), César Polo (tenorra) eta Jorge Apodaca (baxua) musikariek osatzen duten Tetraphilla Ensemble taldearen Ad Maiorem Dei Gloriam izeneko ikuskizunarekin gozatu ahalko da (19.30ean).

Tetraphilla Ensemble taldeak Anchieta, Desprez, Cabezón edo Janequin bezalako konpositoreen obrak joko dituzte Loiolako basilikaren emanaldian, beti ere, Loiolako Iñigoren bizitza musikaren bidez erakusteko.