- Aurreko urteotan Soreasuko eraikinean Hitzaren, Gorputzaren eta Irudiaren eremuak egokitu ondoren (gaur egun martxa onean funtzionatzen dute), Soinuaren eremua egokitzeko obrak egiteko lehiaketa publikoa abiatu du.

Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak herriko eragile eta norbanakoekin egindako parte-hartze prozesuan jasotako ondorioak aintzat hartuta, herriko kultur talde eta kultur sortzaileentzat azpiegiturak egokitzen jarraitzeko pausu garran-tzitsu berri bat eman du Udalak.

Udaletik jakinarazi dutenez, Soinuaren eremuaren gehienezko aurrekontua 522.244 eurokoa izango da eta esleipendunak 12 hilabeteko epea izango du egin beharreko lana bukatzeko (lizitatutako obra egiteko interesa duten enpresek datorren asteazkenera arte aurkez ditzakete beren proposamenak Azpeitiko udaletxean).

Edonola ere, Soinuaren eremuan bi entsegu gela, grabaketarako gunea, teknika-irrati gela, soinu atelierra, bideo laborategia, biltegia eta hiru gela balioanitz izango dira, besteak beste.

Ekipamendu berria Dinamoa sormen guneko lehen solairuan kokatuko da, eta Soinuaren eremua egokitzean, lehen solairu osoa kultur sorkuntzarako azpiegitura egokitua izango da.

Ainara Larrañaga, Udaleko Kultura batzordeburuak adierazi duenez, "Dinamoa sormen guneak kultur disziplina ugariren inguruko mugimendua sortu du". Bere ustetan, "pozgarria da sortzaileak kultur espazioan lanean ikustea, eta Soinuaren eremua, hori aberastera etorriko da. Aurreikusi bezala, azpiegitura osatzeko obrak faseka egiten ari gara, eta azken fase honekin eremu guztiak izango ditugu osatuta. Hala, lehen solairu osoa kultur sorkuntzarako egokituta geratuko da".

Soinuaren eremua egokitu ondoren, Soreasuko lehen solairu osoa kultur sorkuntzarako azpiegitura egokitua izango da