Bertso Urtie egitasmoaren laugarren saioa hilaren 28an egingo da Zestoan

Azpeitiko Dinamoak hitza eta musika uztartuko dituen 'Erlojupean sortzen' emanaldia hartuko du hilaren 20an

15.03.2021 | 00:19
Bertso Urtie ekimenaren Azkoitian egindako saioa. Argazkia: Uztarria

Zestoa – Azkoitia, Azpeitia eta Errezildik pasa ondoren, Erniarraitz bertsozale elkarteak bailarako bertso mugimenduari bultzada emateko helburuarekin martxan jarritako Bertso Urtie egitasmoaren laugarren saioa hilaren 28an helduko da Zestoara.

Bertso saioa 17.00etan hasiko da kiroldegian eta bertan punta-puntako bertsolariak arituko dira kantuan: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Jon Maia, Sustrai Colina, Oihana Iguaran eta Jon Gurrutxaga.

Gai-jartzaile lanetan Uxune Areizaga arituko da eta bertaratzeko interesa duten guztiek dagoeneko eros ditzakete sarrerak (10 eurotan) Zestoako Turismo Bulegoan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean edota Azkoitiko Elurre okindegian.

Edonola ere, hilaren 28an Zestoako kiroldegian egingo dena ez da eskualdean epe motzean ikusi ahalko den bertsolaritzari lotutako ikuskizun bakarra izango.

Hitza eta musika, Azpeitian


Dinamoa sormen guneak Hitzaren Eskolako saio irekia hartuko du hilaren 20an (12.00etan), Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Zabala musikariak eskainiko duten Erlojupean sortzen ikuskizunarekin. Hitza eta musika uztartuko dituen emanaldi horretara gerturatzeko asmoa duten herritarrek dagoeneko eskura ditzakete gonbidapenak, entradium.com Interneteko plataformaren bitartez, hain zuzen ere.

Herritar guztiak gonbidatuta daude Hitzaren Eskolako saio ireki berri horrekin disfrutatzera.

noticias de noticiasdegipuzkoa