- .Azpeitiko danborradako taldeek eta Udalak dokumental bat egitea adostu zuten iazko sansebastianetan, aurten 40 urte betetzen batira emakumeak beren herriko danborrada nagusian lehen aldiz danborra jotzen irten zirenetik.

Ikus-entzunezkoa egiteko ardura Paola Moto azpeitiarrak hartu zuen eta Alaitz Olaizola herritarrak prestatutako gidoia ondo barneratu ondoren, dokumentala egiteari ekin zion. Pandemiak baldintzatutako urtebeteko lanaren ondoren, Amamaren danborra izeneko dokumentala prest dago eta azpeitiarrek aurtengo sansebatianetan ikusi ahalko dute, doanik.

Ikus-entzunezkoaren zuzendariak udaletxean egindako aurkezpenean esan zuenez, gauzatutako lana “ez da sansebastianei buruzko dokumental bat; danborradako historiaren parte diren adin eta genero ezberdineko 22 lagunen testigantzak jasotzen duen lana baizik”.

Edonola ere, Amamaren danborra hilaren 19an estreinatuko da (19.00etan) Soreasun. Pandemiaren eraginez, antzokiko edukiera mugatua izango da eta horregatik lehen emanaldi horretan herriko eragile eta danborradako ordezkariak eta protagonistak izango dira bakarrik. Hori bai, aurkezpena eta ikus-entzunezkoa zuzenean ikusteko aukera izango da, Erlo telebistan eta Udalaren eta Uztarriaren web guneen bitartez. Gainera, 0.30ak aldera ETB-1en emango da.

Estreinaldia alde batera utzita, azpeitiarrek beste bost aukera izango dituzte Amamaren danborra dokumentala Soreasuko pantaila handian ikusteko.

Udalak jakinarazi duenez, San Sebastian egunean 12.00etan, 16.00etan eta 19.00etan izango da ikusgai. Azpeitian Haurren eguna da urtarrilaren 20koa eta horregatik Udalak ahalegin berezia egingo du haurrengana iristeko; “txikienek ere jakin dezaten emakumeen parte hartzea normalizatzeko ibilbide bat egin behar izan dela”. Hilaren 23 eta 25ean beste bi pase izango dira, 19.00etan.

Gonbidapenak gaurtik aurrera eskura daitezke Udalaren eta Kulturaz-en webgunetan edota Sanagustinen.

Estreinaldiko, hilaren 20ko (19.00etan) eta 25eko emanaldietan Paola Moto zuzendaria izango da, lanaren inguruko xehetasunak azaldu eta herritarren galderei erantzuteko.