Azpeitiko Udalak Kultur Mahaiarekin elkarlanean urtero ematen dituen kultur sormen beka eskuratu zuten iaz aite Azpiazuk eta Ainitze Urbietak; herrian dagoen hizkuntza eta kultur aniztasuna jaso eta plazaratzeko asmoz aurkeztu zuten Gure mintzak izeneko proiektuarekin.

Beka jaso eta urtebetera, Azpiazuk eta Urbietak gaur bertan aurkeztuko dute egindako lanaren emaitza gaian interesa duten herritarren aurrean. Aurkezpena 19.00etan izango da, Sanagustin kulturgunean.

Egitasmoaren arduradunek Azpeitian eta inguruan hitz egiten diren hainbat hizkuntza jasotzeko 12 elkarrizketa egin dituzte, Kulturaz kooperatibarekin elkarlanean.

Sortzaileek jakinarazi dutenez, Azpeitian 52 herrialde ezberdinetako milatik gora herritar bizi dira. Hala ere, herrian antolatzen diren ekintzetan "ikusezinak" direla uste dute: "Beren presentzia ez da nabaritzen, ez dakigu ia ezer beraiei eta beraien jatorriari buruz, ez daude saretuta eta ez daukate espazio propiorik herrigintzako eragile moduan; salbuespen zoragarri batzuetan izan ezik", azaldu dute. Beraien ustetan, "Azpeitiko aniztasun hori plazaratzen eta bizi-tzen ikasteko asko falta da".

Horregatik, Gure mintzak egitasmoaren bidez, hainbat txokotatik etorri diren azpeitiarren ahotik aniztasun hori, errealitate hori, azaltzea da helburua. Funtsari hasiera grabatutako elkarrizketen bidez eman diete. Parte hartzaile guztiei hainbat galdera egin dizkiete "beren hizkuntzan eta euskaraz edo gazteleraz erantzuteko".

Horretaz gain, bakoitzaren jatorriko kultur ondarea gehiago ezagutzeko zerbait azaltzeko eskatu zaie. Jasotako guztia gaur bertan aurkeztuko duten web gune batean bildu dute.

Proiektua garatzeko bidelagun izan dituzte jatorri ezberdinetako azpeitiarrekin lan egiten duten eragileak, eta horiek ere eskertu nahi izan dituzte: Udaleko gizarte zerbitzuak, Elkar-ekin plataforma, Udal euskaltegia, EPA, Emakume txokoa, Udal liburutegia€

Aurrera begira, Azpiazuk eta Urbietak adierazpen kultural horiek euskarara ekarri eta prozesuaren sozializazioa egiten lagunduko dieten zerbait osatzea dute erronka.