Azkoitia Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientzietan graduatua, Ainhize Azpiazu 23 urteko azkoitiar gaztea datorren asteartean hasiko da bere herriko Udala, Osakidetza eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, martxan jarriko duen Kirol Orientazio Zerbitzu berrian lanean. Ainhize "ilusio handiz" murgilduko da aurretik duen erronkan. Zerbitzu berriaren helburu nagusia "jarduera fisikoa eta ohitura osasuntsuak sustatuz, pertsona inaktiboak aktibo bihurtzea" dela eta, Azpiazuk ondo daki orientatzaile lanak "ardura handia" suposatzen duela. Hala ere, herritarrak zerbi-tzura gerturatzeko "beldurrik ez izateko" mezua bidaltzen du. Berak "tratu goxua eta norberaren ezaugarriei moldatutako zerbitzua" emateko konpromisoa hartzen du.

Zer da Mugiment egitasmoaren baitan martxan jarriko den Kirol Orientazio Zerbitzua?

Azkoitiko Udalak, Osakidetzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak pertsona inaktiboak aktibo bihurtzeko elkarlanean bultzatutako zerbitzu berria da. Datorren asteartean hasiko da funtzionatzen eta ni arituko naiz orientatzaile lanetan.

Noiz eta non eskainiko da?

Astearteetan anbulatorioan eskainiko da zerbitzua, 10.00etatik 12.00etara eta osasun etxeko profesionalek bideratutako pazienteekin. Ostegunetan, berriz, bizimodu inaktiboa duten herritar guztiei irekitako zerbitzua eskainiko dugu Kultur Etxean, astearteetako ordutegi berean.

Nolakoa izango da Zerbitzuaren funtzionamendua?

Lehenik eta behin, herritarrek 688 763 963 telefono zenbakira dei egin edo koz@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi behar dute nirekin hitzordua adosteko. Behin hori eginda, pazientearekin bilduko naiz bere gustuak, aktibitate maiala eta patologiak ezagutzeko. Eta horren arabera bizitza aktiboago bat egiteko proposamena luzatuko diot.

Kirola egiteko agindua emango diozu pazienteari?

Ez. Zerbitzu hau ez dago kirola egiteari enfokatua, helburua herritarren ongizatean eragitea da eta horretarako ohitura batzuk aldatzea da asmoa. Kasu batzuetan kirola egitea komenigarria litzateke eta beste batzuetan pasiatzen hastea edota erosketak egitera oinez joatea nahikoa izan daiteke. Pertsona bakoitzak bere errealitatera eta beharretara moldatutako proposamena jasoko du.

Eta hortik aurrera zer?

Zerbitzu pertsonalizatua dela kontuan izanda, pazientearekin adostutako jarduerak zehaztu ondoren jarraipena egingo da, bere osasun psikologiko eta fisikoaren bilakaera nolakoa izaten ari den ikusteko. Batzuekin astean behin egin beharko da jarraipena, beste batzuekin bi astean behin edo hilean behin... Jarraipen horri esker eguneroko bizimodura egoki-tzen joango gara.

Nola egiten diozu aurre zuretzat ere berria den lan honi?

Ilusio handiz eta herritarren osasunean eragiten saiatzea ardura handia dela jakitun. Poz handia eman dit nirekin lan honetarako kontatu izanak eta seguru nago egitasmoan inplikatu diren erakundeen artean orain arte lortu dugun lotura mantentzen bada, ondo irtengo dela eta emaitza onak lortuko ditugula.

Zer esango zenieke herritarrei?

Kirol Orientazio Zerbitzura etortzeko beldurrik ez izateko. Errendimendua lortzea ez da helburua eta ez ditut herritarrak beren entrenatzailea izango banitz bezala gidatuko; nik tratu goxoa emango diet; bilatzen duguna pertsonak psikologikoki eta fisikoki osasuntsu egotea da eta.