- Zizurkilgo haur eta gaztetxoei zuzendutako Biatloia egin zuten atzo, 11.00etan hasita, eguraldi txarra egin arren. Pandemia dela eta ez dela, ekimena aurrera ateratzeko gai izan dira eta XXI. edizioa ospatu dute aurtengoan. Hain zuzen, Zizurkilgo Udalak eta Teodoro Hernandorena kultur elkarteak elkarlanean egindako Maiatza Saltsan egitarauaren baitan antolatutako ekimena izan da. Bi eta Hamabi urte bitarteko haurrak izan ziren parte hartzaileak, eta hiru lasterketa egin zituzten guztira; korrika nahiz bizikletan. DBH-ko gazteak monitore lanak egin zituzten, eta bide guztian zehar parte hartzaileekin joan ziren.

Haur Hezkuntzako haurrek Zizurkilgo herrigunean bertan egin zuten lasterketa; lehendabiziko buelta korrika, eta bigarrena oinez. Plazatik udaletxera, eta udaletxetik frontoirako ibilbidea izan zen, hain zuzen. Lehen Hezkuntzako gazteak, ordea, bi taldetan banatu ziren. Lehen taldea LH1-LH4 bitartekoak osatu zuten. Herrigunean aritu ziren korrika, baina bizikletan Agerre baserriko itzulia bi aldiz egin behar izan zuten. Bigarren taldea berriz, LH5-LH6ko gazteek osatu zuten. Menditarteko ibilbidea bi aldiz egin zuten korrika, eta beste bi bira eman zizkioten Agerre baserriko itzuliari. Amaieran, parte hartzaileek pintxoa dastatzeko aukera izan zuten eta opari bat jaso zuten.