- Galtzaundi Euskara Taldeak eta Anoetako eta Irurako udaletako euskara zerbitzuek hamabi urtetako lana burutu dute elkarlanean Anoeta eta Irurako enpresetan euskararen presentzia areagotzeko. 2008tik 2020ra arte, 74 enpresetan egin da euskara sustatzeko lana.

Urtero bi herrietako hamar-bat enpresekin lan egin da euskara indartzeko eta lanketarako enpresak ez dira zoriz aukeratuak izan. Kontuan hartu da enpresa guztiak ezaugarri antzekoak izatea: 50 langile baino gutxiago izatea eta euskararen erabilera areagotzeko programa zehatzik edo ziurtagiririk ez izatea. Enpresei proposamenaren berri eman ondoren, batzuk egitasmoari bide ematea erabaki dute eta beste batzuk ez. Anoetako eta Irurako udalek sustatuta eta Galtzaundiko teknikarien bitartez, hizkuntza paisaian eta idatzizko eta ahozko barne zein kanpo harremanetan eragin nahi izan da.

Urte hauetako prozesuan ikusi da enpresen ahozko eta eguneroko funtzionamendua euskalduna dela, baina enpresek sarri ez dutela irudi hori ematen kanpotik. Eta horretan, kontzientziazio lan handia egin da. Euskararen normalizazioan eragiteko, konpromisoak betetzeko eskakizuna lantzeaz gain, Udalak eskainitako itzulpen zerbitzuaren eskaintza ere burutu da. Zubi lanari esker, zerbi-tzuaren erabilera areagotzea lortu da eta zalantzak argitzeko bideak erraztu dira.

Mugak ere aurkitu dira, izan ere, azken urte hauetan, krisiak gogor jo du lan munduan eta euskararen normalizazioan inbertitzeko dirua falta dela agerian gelditu da. Aldi berean, esku-hartzea mugatu duten elementuekin ere aurkitu da egitasmoa: enpresa batzuk, Euskal Herritik kanpoko bezeroak dituzte eta beste erdaratan lan egiten dute.

Anoetako eta Irurako lanketa berezitua eskualdeko estrategia bateratuarekin koordinatzeko asmoa dago hemendik aurrera. Horrenbestez, Tolosaldeko Euskararen Mahaiak jarritako helburuen baitan landuko den ekintza planaren tartez garatuko dira bigarren sektorean euskara indartzeko lanketak hemendik aurrera.