Agour gaztandegiaren gazta urdin berria aurkeztu dute Lizartzan

Alkizako Inazio Urruzola txakolindegian aurkeztu zen atzo, eskualdean "sinergiak sortzeko asmoz"

18.12.2020 | 01:33
Alkizako Inazio Urruzola txakolindegian aurkezpena. Argazkia: N.G.

alkiza – Lizartzan ekoitzitako gazta berria aurkeztu zuen atzo Alkizan Agour gaztandegiak, Inazio Urruzola txakolindegiko Juanita ardo apardunarekin maridatuta. Gazta urdinaren aurkezpenean nabarmendu zuten Alkiza eta Lizartzako alkateek horrelako sinergiek eskualdean duten garrantzia.

Hain zuzen ere, Alkizako alkate Iñaki Irazabalbeititak adierazi zuen "eskualde barneko sinergien erakusgarri" izan zela ekimena: "Sinergia horiek ezinbestekoak dira gurearen egitura demografikoa duen eskualde batean. Herri txikiok bakarrik ezin dugu aurrera egin gure herritarren etorkizuneko ongizatea bermatzen. Elkar hartuta gure indarrak emendatu egiten dira". Bere aldetik, Iñaki Azpiroz Lizartzako alkateak esan zuen oso garrantzitsua dela Agour gaztandegia Lizartzan zabaldu izana, herriarentzat berarentzat eta eskualdearentzat.

Agour etxeak pasa den urtean Lizartzan zabaldu zuen gaztandegian bakarrik egiten da gazta urdina. Dozena bat lagun ari dira bertan lanean. Agoureko presidente Peio Etxelekuk gaztaren ekoizpenari erreparatu zion: "Iparraldean oso ohikoa da gazta urdina ekoiztea, baina Hegoaldean ez da horrela. Hortaz, esan dezakegu gazta egiteko modu berritzailea ekarri dugula Lizartzara. Gazta urdinak ez du inor epel utziko; finean, euskal gazta urdin krematsu baten aurrean gaude".