- Ibarrako Udalak kiroldegiko pilotalekuko estalkian eguzki plakak jarri berri ditu kontsumo arduratsuaren eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritzen diren baloreei jarraituz. 88 plaka jarri dira teilatuan eta instalazioaren energia kontsumoaren %20,5 ekoitziko dute.

Proiektu honen bitartez, energiaren auto hornidura lortzea da helburua, auto kontsumorako erabiliz eta gainera, berdea, CO2 isurketarik gabekoa baita.

Luzera begirako proiektua da auto hornidurarena, baina ematen den pauso bakoitzean nabari da aldea eta Udalak ahalik eta bide luzeena egiteko konpromisoa hartu du. Herriko energia kontsumoa, horrek eragiten duen CO2 emisioa, zein gastua murrizteko.

Ibarrako Udalak maiatzean ekin zion eguzki plakak jartzeko azterketari. Udaletxean, kiroldegian, kultur etxean eta ikastolan ere egin zen azterketa eta, oraingoz, kiroldegiko pilotalekuaren teilatuan ezarri dira eguzki plakak.

Kalkuluen arabera, 25 kW-ko instalazioa da, 88 plakak osatuta eta bakoitza 315 Wp-koa da, 27.720 Wp osatuz guztira. Instalazioak 143,2 m2-ko azalera fotovoltaikoa hartzen du guztira. Honela, kalkuluen arabera, proiektatutako instalazio fotovoltaikoaren bidez eraikinaren kontsumo osoaren %20,5 ekoitziko da, atmosferara CO2 isurtzen ez duten iturri garbiekin.

Herriko energia kontsumoa murrizte bidean, laister beste egitasmo bat ere martxan jartzea aurreikusten du Ibarrako Udalak. Etorkizunera begirako proiektua da hau ere, baina kasu honetan eraikin publikoetako fakturak aztertzean egongo da gakoa, horietan izaten den energia kontsumoa ezagutu ahal izateko eta zertan gastatzen den gehiago edo gutxiago aztertzeko datuak eskuartean izateko.

Honela, behin datu guztiak izandakoan, kontratatutako tarifetan moldaketak burutuko dira eta hartutako neurri hauek fakturetan eragina izango dute, energia kontsumoa aurreztuz eta gastuak ere murriztuz.