- Kultur ikastaroen eskaintza eta ikastaroak segurtasunez emateko baldintzak aztertzen ari da Villabonako Udaleko Kultura Saila. Hori dela eta, ikastaroetako matrikulazioa eta ikasturtearen hasiera atzeratu egingo dela ohartarazi dute, baina irailean zehar emango dute ikastaro eskaintzaren berri.

Zinemari dagokionez ere hainbat ohar zabaldu ditu Udalak. Alde batetik, apirilaren 30ean iraungi-tzen ziren zinema bonoak abenduaren 31ra arte erabili ahal izango dira, martxoaren erdialditik film emanaldirik ez baita izan.

Bestetik, lanean ari da Kultura saila zinema eta ikuskizunetarako sarrerak modu telematikoan (Gureako leihatilan eta online) erosteko aukera ahalik eta lasterren izan dadin. Horrek, gainera, sarrera zenbakituak erosteko aukera emango luke, eta horrek ilarak gutxitu eta denon segurtasuna areagotuko luke.

Momentuz, irailean dauden an-tzezlanetarako sarrerak betiko moduan eros daitezke (Gureako leihatilan eta Amasa kafetegian eta Basajaun liburudendan), baina espero dute laister sarrerak modu telematikoan erosi ahal izatea.

Zinema saioak hilaren 12an hasiko dira Padre no hay más que uno filmarekin. Hilaren 12an, 13an eta 14an izango dira proiekzioak. Era berean, ¡Que suene la música! pelikula izango da hilaren 19an eta 21ean; eta Tenet hilaren 26, 27 eta 28an.

Bonoak 35 euro balio ditu (hamar pelikula). Sarrera solteek, aldiz, haurren emanaldi arruntek lau euro eta 3D emanaldiek, 6,5 euro; eta helduen emanaldiek 5,50 euro eta astelehenetan, aldiz, 4 euro.