- Adinekoentzako gune berria izango da Landetxeko udal eraikin berriaren lehen solairuan kultur aretoarekin eta euskalgintzaren gunearekin batera. Espazio horrek nolakoa izan behar duen definitzen ari da Udala adinekoekin aritzen diren herriko eragileekin elkarlanean.

Hala ere, 60 urtez goitiko oiartzuar guztien iritzia eta beharrak jaso nahi dira. Hori dela eta, bihartik apirilaren 8ra auzoz auzo bilerak antolatu dira. Ordu eta erdiko saioak izango dira eta herritarren iritziak jasotzeaz gain, Landetxeko udal eraikinaren inguruko xehetasunak ere emango dituzte udal ordezkariek.

Landetxeko espazio berriak zer izan behar duen eta zein jarduera gauzatzea nahiko luketen adinekoen komunitateak berak proposatzea nahi du Udalak.

Honela, lehenengo bilerak bihar izango dira Altzibargo Olatxo lokalean, 10.00etan euskaraz eta 17.00etan elebitan.

Ostegunean, Ergoiengo, Gurutzeko eta Karrikako bizilagunentzat hi-tzordu bakarra prestatu dute Auzokalte elkartean, 17.00etan euskaraz.

Ugaldetxotarrak apirilaren 1ean bilduko dira Isastiko auzo lokalean, 10.00etan (euskaraz). Egun berean Arraguan batzarra Aldeguna elkartean izango da 17.00etan, elebitan.

Apirilaren 5ean, Iturriozko Argiñeneko auzo lokalean izango dira 17.00etan (euskaraz).

Azkeneko bilerak, Elizaldeko bizilagunekin hilaren 8an udaletxean burutuko dira 10.00etan, euskaraz eta 17.00etan, elebitan.