- Hamabi egunetan hamabost ekitaldi egongo dira guztira, horietako batzuk goi-mailako artistena, gaur bertan Lezon hasten den Lesoinu Aste Pedagogiko Musikalaren 36. edizioan. Lehenengo ekitaldia, Tomas Garbizu musika eskolako ikasleak instrumentu taldeetan integratzeko tailer didaktiko bat izango da.

Musika emanaldiez gain, gainera, formazio ikastaroak eta beste jarduera batzuk ere eskainiko dira: musika lantegiak, ipuin musikatuak... Lesoinuren helburu nagusia musika zaletasuna sustatzea da eta ikasleak motibatuta edukitzea.

Xanti Espinak, musika eskolako zuzendariak, programaren hainbat emanaldi azpimarratu zituen. Honela, igande honetan Nerea Martinez dantzariaren Besarkada emanaldia ikusteko aukera egongo da 20.00etan Gezalan. Apirilaren 2an Tangosophy taldea osatzen duten Javier Bernák eta Goka Hermosak tangoaren ikuspuntu berri bat eskainiko dute klarinete eta akordeoiarekin. Azkenik, Ana Maza kubatarrak, apirilaren 3an, biolontxeloa eta ahotsarekin kontzertua emango du.

Sarrerak udal webgunean eskuratu daitezke eta ekitaldien informazio gehiago topatu daiteke.