Santa Zezilia musikarien eguna ospatuko da errenterian asteburu honetan, hilaren 22an. Musika banda eta Andra Mari izango dira protagonistak.

Hasteko bihar 20.30ean Fatimako elizan, musika banda formatu presentzialera itzuli eta oso kontzertu berezia eskainiko du. Izan ere, Errenteriako Musika Kulturaren Elkartearen (EMKE) enkarguz, David Rivasek konposatutako Herri Taupada obra, Errenteriaren 700. urteurrenari eskainia eta pandemia zela eta iaz jotzerik izan ez zutena, estreinatuko du. Sarrera doakoa da.

Hiru mugimenduz (Torrekua, Añarbe eta Mantxester Txikia) osatutako obrak herriaren historian funtsezkoak diren pasarteak deskribatzen ditu: Erdi Aroa, industrializazio garaia eta ondare natural aberatsa. Obraren egilea, David Rivas, kontzertuan izango da. Alain Ayerdi Gurpegi izango da zuzendari artistikoa.

Bestalde, larunbatean 20.15ean, Andra Mari Abesbatzak Zeru-lurretan maitez - Amor divino y humano izeneko programa eskainiko du Fatimako Andre Mariaren parrokian ere.

Irene Fraile sopranoa, Lucia Gomez mezzoa, Josu Cabrero tenorea eta Jesus Garcia Arejula baritonoa protagonista izango dira Joana Otxoa de Alaiza pianistarekin eta Andra Mari Abesbatzarekin batera.

Programa, osorik Beethovenen musikaz osatua, abesbatza edota bakarlarientzako obra sorta bat da, piano laguntzarekin. Sarrera doakoa da aforoa bete arte.