- Oiartzungo azkeneko Osoko Bilkuran Txarako eremu baten inguruan Udalak eta Orio Txoko Txiki inmobiliariak zuten auzia bukatu dela jakinarazi zitzaion Udalbatzarrari. Orio Txoko Txikiren jabetzako eremu baten desjabetzak eragin zuen auzibidea: Udalak eremu hori landa lur gisa tasatu eta horren arabera ordaindu zuen. Enpresak, aldiz, lur urbanizagarri gisa baloratu eta ordaintzea nahi zuen.

Epaitegiek Udalari arrazoia eman zioten, eta sententzia eta errekurtsoen bidea egin du gaiak. Orain, enpresak aurkeztutako kasazio errekurtsoa ez du onartu auzitegiak, Udalak aurkeztutako argudioak onartuz, eta auzia amaitu da.

Horregatik, Jexux Leonet alkateak Udaleko zerbitzu juridikoak zoriondu zituen: "Prozesu luzea eta presio handikoa izan da hau. Lan txukuna egin da eta horregatik, sententzia Udalaren aldekoa izan da".

Bestalde, Xorrola herri barruko autobus zerbitzua Gipuzkoako garraio publikoaren tarifa bakarrean egon dadin, Gipuzkoako Garraio Agintaritzarekin hitzarmen berria onartu zen.

Oiartzunen euskara sustatzeko jardueretarako dirulaguntzen oinarriak ere onartu ziren. 72.000 euro bideratuko dira. Horrez gain, Hitz Hots elkartearekin 2021eko hitzarmena ere onartu zen. Oiartzun Irratiaren funtzionamendurako 54.700 euro bideratuko ditu Udalak.

Eskari-galderen momentuan, EAJk migratzaileen inguruan "pertsonak erdigunean jarri eta etorkinak laguntzeko Oiartzunen egon daitezkeen baliabideak aztertzea" proposatu zuen. Migrazio gaiak Eusko Jaurlaritzak eta Gurutze Gorriak kudeatzen dituzte, eta Janire Mitxelena bozeramaile jeltzaleak onartu arren, Udalarekin harremanetan jar daitezen, gaiari heltzea eskatu zuen.

Jexux Leonet alkateak Udala "gai honen inguruan lan egiteko irekia" dagoela adierazi zuen. Gogora ekarri zuen duela pare bat urte Eusko Jaurlaritza Udalarekin harremanetan jarri zela migratzaileei lagun-tzeko baliabideen inguruan galdetuz eta Udalak "ekarpena" egin zuela gogorazi zuen.