Errenteria | OarsoIrriak taldearen 'Kutxa magikoan' parte har daiteke

Igandera arte, Errenteriako familiek mundua hobetzeko proposamenekin marrazkiak eta bideoak bidal ditzakete

08.01.2021 | 00:24
Zuhaitz bat. Argazkia: Javier Bergasa

Errenteria Errenteriako OarsoIrriak taldeak Kutxa magikoa ekimena abian jarri zuen abenduaren erdialdean. Gabonetarako prestatutako Kultur Malutak programaren baitan, mundua hobetzeko proposamenak jasotzeko sortu zen eta igandean amaituko da marrazkiak eta bideoak jasotzeko epea. Ondoren, jasotako lan guztiekin ikusen-tzunezko kolektibo bat prestatuko dute.

Ekimenean parte hartzeko pauso guztiak ondo azalduta daude Herri Biziako webgunean. Bideoan zenbait ideia ere jaso dituzte. Adibidez, zuhaitzak landatzeko haziak edo zaborra ingurumenetik jasotzea.

Beraz, marrazki batean eta minutu bateko iraupena duen audio batean, familiek kontatu beharko dute mundua hobetzeko zer opari eskatuko lioketen Mari Domingiri edo Olentzerori; edo, eurek zein opari egingo luketen mundua hobetzeko.

Paperean egindako marrazkia Kutxa magikoaren bitartez marraztu beharko da eta www.11etxekolore.net/kutxamagikoa web orrian dagoen formularioaren bidez bidali. Ondoren, jasotako materialarekin marrazki bizidunak sortuko dituzte antolatzaileek. Ekarpenak Kultur Malutak ekimenaren web orrian jarriko dituzte ikusgai bertatik mundura zabaltzeko.

Kutxa magikoa eraikitzeko beharrezkoa den materiala auzolanean bildu da Xenpelar Kultur Denda, Orereta Ikastola, Telleri-alde ikastetxea, Koldo Mitxelena Herri ikastetxea, Hostoak paper denda eta Lau Haizetara elkarteari esker. Familia bakoitzeko pack-a eskuragarri dago doan Xenpelar Kultur Dendan.

OarsoIrria taldetik aditzera eman dutenez, "mundua apur bat pattal dago eta egoera hau aldatzeko OarsoIrriak taldeak haurrek eta familiek zer esateko asko dutela uste du: familien ahotsak, irudimena, egoera aldatzeko duten gogoa€". Beraz, horra Ventana a la Diversidad kolektiboarekin elkarlanean egin duen proposamena.