- Ijurkoko igogailuak Aralar kalean izango du sarrera eta horrez gain beste bi geldiune izango ditu: Auñamendi 5, 7 eta 9 zenbakiek duten terraza publikoan lehena eta kale bereko 9. zenbakiaren goialdean bigarrena. Aste honetan hasi dira Lezoko Ijurko auzoko hiri igogailuaren lanak. Ekipamendu honekin Ijurko auzoko Aralar eta Auñamendi kaleak lotuko dira, dagoen desnibelari erantzuna eman eta eremua herritar ororentzat irisgarria eginez.

Lanek lau hilabeteko iraupena izatea aurreikusten da eta eraikitze- lanen eraginez sortuko diren eragozpenak barkatzeko eskatzen du aldez aurretik Udalak. Izan ere, lanak gauzatzeko aparkalekuak murriztu dira obrako baliabide lagungarriak jarri ahal izateko (obrako txabolak eta obrako materialen biltegiratzea) eta zaborren edukiontziak ere lekualdatu egin behar izan dira oinezkoen ibilbide alternatiboak bermatzeko. Bestalde, Auñamendiko goiko aldera doazen eskailerak hasiera batean irekita mantenduko badira ere, obraren aurreragoko fase batean ixtea beharrezkoa izango da.

Eragozpen guztiongatik eta obrak sor litzakeen zarata eta hautsengatik barkamena eskatzen die Udalak inguruko bizilagunei. "Hilabete hauetako eragozpenak eragozpen, behin obrak bukatu eta igogailua martxan denean auzoarentzat suposatuko duen onurak mereziko du", ziurtatu dute Udaletik.

Uda hasieran esleitu zitzaizkion lanak Construcciones Moyua SL enpresari 230.000 euro (BEZ barne) pasatxoko aurrekontuarekin.

Halaber, Lezoko Udalak udaran irisgarritasuna hobetzeko lanak burutu ditu. Izan ere, barrera arkitektonikoak kendu eta irisgarritasuna bermatzeko hainbat eta hainbat lan burutu ditu eta horien artean, berriki Auñamendi kalean, hain zuzen labadero inguruko eremuan, irisgarritasuna hobetzeko lanak egin ditu.

Esate baterako, bertan zeuden eskailerak konpondu ditu, horiek jada apurtuta, hondoratuta eta egoera txarrean baitzeuden. Era berean, baranda berriak jarri ditu eta horrez gain, Auñamendi kaleko eremu guztia lotzeko malda bat ere eraiki du, horrela, ikastolara doazen haurren zein gainerako oinezko guztien irisgarritasuna hobetuz.

Era berean, Auñamendi 2 eta Saldise plazaren artean zebra-bide altxatua jarri du, honela oinezkoen lehentasuna bermatuz.