- Beasaingo Udalak udazkenerako kultura agenda oparoa prestatu du; beti ere, Osasun Publikoak ezarritako segurtasun, osasun eta aforo arauak errespetatuz.

Ia 40 ekitaldi ospatuko dira azaroaren 7a bitartean: sei musika emanaldi, zazpi erakusketa, Ondarearen Europak Jardunaldiei buruzko hiru ekitaldi, lau dantza emanaldi, bost antzerki, lau hi-tzaldi, hiru bisita gidatu, bertso saioa, margo lehiaketa, argazki rallya eta zine kluba.

Halaber, urriaren 19tik 23ra Mendi Astea ospatuko da eta igandero mendi irteerak egingo dira Aizkorri mendizale elkartearen eskutik.

Musika izango da protagonista nagusia. Letoniako Abesbatzaren, Antton Valverderen eta Sin Mala Intención-en kontzertuak izango dira ospatuko diren musika emanaldietako batzuk. Bihar, Postal Kolekzionista taldearen txanda izango da. Bagoi hutsak lana aurkeztuko dute Erauskin plazan.

Dantzari dagokionez, Gernika Pasalekuko frontoian Dantzakiren emanaldia, Aurtzaka Dantza Taldearen ikuskizuna eta Txistularien alardea ospatuko dira.

Bestalde, balleteko erakustaldia eskainiko da plaza azpian urriaren 9an eguerdiko 12:00etan.

Nobedade gisa, Nerea Garmendia aktore beasaindarrak Vaya pack de vascos humorezko antzezlana eskainiko du.

Beasaingo Udalak kultur sektorea babestu eta herriko kultur ekitaldien dinamikaren taupada berreskuratu nahi ditu. Izan ere, kultura Udal gobernu honen ardatz estrategiko nagusietakoa baita.