Ordizia | Eskuorri turistiko berria aurkeztu dute

Liburuxkak herria ezagutzera emateko helburua du; Ordiziako Azoka Pintxoa ekimen berria, besteak beste

01.07.2021 | 00:35
Ordiziako eskuorri turistikoaren aurkezpena. Argazkia: E.C.A.

Ordizia Ordizia ondare natural, historiko, arkitektoniko eta kultural handia duen Goierriko herria da. Hori aprobetxatuz, eta herria ezagutzera emateko asmoz, Ordiziak eskuorri turistiko berria prestatu du.

Atzo goizean aurkeztu zen herriko txoko eta plan desberdinak ezagutzera ematen dituen eskuorria. Ordiziako azoka ezaguna eszenatoki izanik, bertan Niko Osinalde (Goitur), Aitor Velazquez )Ordizian Merkatari Elkartea), Leizea Taberna, Adur Ezenarro ordiziako alkatea, Maitane Álvarez Ordiziako alkateordea; Eñaut Gereñu (Hotel Ordizia) eta Leire Arandia (D'elikatuz), izan ziren.

"Herriaren nortasun ikurra diren ezaugarriak ondo ezagutzeko bisita eta jarduera ugari antolatzen dira. Horrez gain, merkataritza eta ostalaritza eskaintza zabala dago aukeran Ordizian", adierazi zuen Adur Ezenarro alkateak.

Zabaldu berri den Hotel Ordiziak balio erantsia ematen dio herriari zein bailarari. Bestetik, Oiangu Parkeak landa eremuko esperientziak bizitzea ahalbidetzen du. Hauek, eta urtean zehar eskaintzen diren planak eskuragarri daude Ordiziako eskuorri berrian.

Gaurtik, uztailaren 1etik aurrera, hasiera emango diote ordiziarrek udako denboraldi turistikoari. Honek ekintza berriak ekarriko ditu eskutik.

Pintxoen Erakusleiho Ordiziako ikurra den asteazkenetako azokak ekimen berriak martxan ipini ditu. Egun, Ordiziako Azoka Pintxoa ekimena abian jarri du Udalak, herriko zenbait tabernekin elkarlanean.

Helburua, herriko establezimenduetan azokako produktuen presentzia sustatzea da, eskaintza bertako eta garaiko produktuekin identifikatzeko.

Hilabeteko azken asteazkenean, Ordiziako Plaza nagusia ekimenaren eszenatoki bilakatzen da. Parte hartzen duten taberna eta jatetxeetako kideek haien pintxo sorkuntza aurkezten dute jende aurrean.

noticias de noticiasdegipuzkoa