- 13. Argazki Lehiaketa izan da, eta aurtengoan ere erantzun ona jaso du; 14 parte-har-tzaile eta 33 argazki izan dira aurkeztuak. Egutegia osatzeko hamabi besterik ez dira behar, eta horien artean aukeraketa egin dute. Hala, honako egileen argazkiak ikusi ahalko dira 2021ko Segurako egutegian: Erkuden Elortza, Alazne Sanchez, Gari Oiarbide, Haurreskolak aurkeztutakoak bi, Iker Zabalarenak ere bi argazki, Jon Irizar, Joseba Telleriaren lana ere bitan, Naiara Oiarbide eta Judith Arruabarrena. “Iragana, oraina eta etorkizuna Seguran” izan da aurten Segurako Udalak, herriko denda eta zerbitzuen laguntzarekin batera, 2021eko pareta eta poltsikoko egutegiak kaleratzeko aukeratutako gaia.

Hamabi aukeratzeaz gain egutegiaren parte izateko, lan batzuk nabarmendu egin dituzte. Hala, Iker Zabalaren Ez dadila haria eten izan da 300 euro eta lehen postuarekin saritua. Bertan, bi pertsonen eskuak agertzen dira, adin desberdinetakoak, josteko makina batean. Belaunaldien aldaketa eta jarraipena, irudi bakarrean, izenburuari lotuz. Bigarrena, berriz, Joseba Telleriaren lana izan da, Oztopoak gaindituz etorkizunerantz izenburuarekin. Argazkiaren lehen planoan hesiak ageri dira, eta atzeko aldean Segurako herria. Kolore biziz osatua da irudia.

Egutegia Ondarre Zerbitzu Denda, Izarra Arrandegia, Beheko Okindegia, Izaskun Ile-apaindegia, Txokoa-Pagosa okindegia, Laura Frutadenda, Atseden Taberna, Miren Imaz Estankoa, Oreka Fisioterapia Zentroa, Maite Lasa Botika, Elorripe Taberna, Izkiña Jatetxea-Taberna, Imaz Jatetxea-Hotela-Okindegia eta Ikernet informatika zerbituak-en lor daiteke.