- Gabon sasoian murgiltzeko egun gutxi falta diren honetan, Lazkaoko Udalak, herriaren garapen ekonomikoa bultzatu eta bertako kontsumoa sustatzeko helburua du eta bide horretan Gabonetako erakusleiho lehiaketa antolatu du. Aurtengoa, VI. edizioa izango da.

Udalak hala nabarmendu du: "Gabon berezi hauetan, arduraz jokatu eta gure burua zaintzea dagokigu. Eta ardura berarekin jokatuz, gure herriko merkataritza zaintzea animatzen ditugu herritarrak. Inoiz baino gehiago behar gaituzte, eta guk ere gure kaleetan behar ditugu. Herritarrek bertako saltokietan erosiz, saltokiak eta enplegua manten-tzen dituzte".

Urte honetan 22 merkatarik parte hartuko dute lehiaketa honetan, eta herritarrak izango dira epaile lanak egingo dutenak. Partaideen dendetan txartelak daude botoa eman ahal izateko, eta txartel hori Udaletxeko sarreran jarriko den kutxan utzi beharko da, abenduaren 24a bitarte. Botoa ematearekin batera bost erosketa baleren zozketan sartuko dira: 300 eurokoa bat eta gainontzeko laurak 150 eurokoak izango dira.