Lazkaoko Udalak zerga eta tasak izoztea erabaki du, zaborrena izan ezik

Lazkaoko Udalbatzak hartutako azken erabakia izan da, COVID-19aren ondorioak leuntzeko asmoz

17.10.2020 | 23:37
Lazkaoko udaletxea. Argazkia: M.A.

lazkao – COVID-19ak eragindako ondorioak leundu eta gehien pairatzen ari direnei "arnasa" emateko asmoz, Lazkaoko Udalak urrian egindako Udalbatzak hainbat erabaki hartu ditu. Hala, herritarrengan eragin zuzena izango duten ordenantza fiskaletan hainbat aldaketa onartu dituzte. Orokorrean zerga eta tasa ia guztiak izoztuta mantentzea erabaki da.

Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak esan duenez, "herritarrei eta ehun ekonomikoari garai nahasi hauetan lagundu, mantendu eta etorkizun hurbilean berraktibazioa laguntzeko".

Nahiz eta tasa eta zergak ez diren igoko, zaborrena bai. Hain zuzen ere, %3,6ko igoera egongo da datorren urtera begira. Ez da ausaz hartutako erabakia izan; izan ere, Sasieta Mankomunitateak Udalari zaborren tasan igoera ezarri dio; %10,76koa. Horregatik, eta igoera ez dadin momentuan horren altua izan, Lazkaoko Udalak hiru urteetan, segidan, %3,6ko igoera egitea erabaki du.

ibilgailuen gaineko zerga Ibilgailuen gaineko zergan hobariak egitea ere onartu zuten urriko Udalbatzan, eta kasu hauetan igoera egingo da, gainera. Ibilgailu elektrikoek orain arte %75eko laguntza jasotzen zuten, eta orain %95eko hobaria izango dute; ibilgailu hibridoen hobaria ere igo egingo da, %75ekoa izanez, eta 30 urtetik gorakoek %100eko hobaria izango dute.

Obren gaineko zergak ere aztertu dituzte bertan eta beste zenbait hobari martxan jarriko dira: eguzki plakak instalatzea erabakitzen dutenek %95eko laguntza izango dute, eta interes bereziko obren zergan ere bai, baina eskaera egin ondoren Osoko Bilkurak onartu beharko du eskaera bakoitza. Proiekturik behar ez duten obra txikietan, berriz, Udalak ez du tasarik kobratzen. Hipermerkatuen ireki-tze baimenagatik tasa 1.600 eurokoa izatea ere erabaki dute.