- Amundarain eta Oria erdigunetik pasatzeak zabor eta hondakinez betetzea dakar, herritarren arduragabekeriaren ondorioz, eta horregatik hainbat zatitan garbiketa lanak egin behar izaten dira. Oraindik ere bi astez luzatuko badira lanak ere, dagoeneko datu bat aurreratzeko aukera izan dute: egun bakarrean 1.000 kilo zabor atera dira bertatik.

2018an, 3 astetan zehar, Oria eta Amundaraingo lau kilometro eta erdian 8.000 kilo zabor atera zen. Dudarik gabe, datu kezkagarria. Iaz, berriz, epe berdinean, 5.500 kilo atera zen. Udalak herritarrei erakutsi nahi izan zien zer biltzen den erreketan, eta horregatik Plaza Nagusian jasotakoren zati bat jarri zuten ikusgai. Bertan, autoen gurpiletatik hasi eta etxetresnak ikus zitekeen. Ekimen horren ostean, zabor hau garbigunera eman eta dagokion edukiontzietan sailkatuta utzi zen. Orotara, 13,5 tona zabor gutxiago iritsi zen itsasora, egindako garbiketa lanei esker.

Garbiketa hauek egiteko Txukun Lorazain-tza SL enpresa kontratatu da. Eguraldia lagun bada behintzat, urri amaierarako lan guztiak bukatuta egongo dira. Prozesua Amundarain errekaren zati batetik abiatu dute, eta ertzean kateaturik zeuden zaborrak bilduz, bertatik ateraz eta kamioian zabortegira eraman ziren, gero bertan sailkatzeko eta pisatzeko. Lan hauek guztiak eskuz egin beharrekoak dira, ez da makinarik sartzen, eta beraz, esfortzu fisiko handia eskatzen duen zeregina da; batetik, euria egin eta ibai zein errekaren emaria gorantz doalako, eta zabor eta hondakinak askotan zailak izaten direlako jasotzeko, arbola zein adarretan egoten direlako.