- Ordizian hastear egongo ziren Santa Ana herriko jaien inguruan mintzatuko ginen koronabirusa agertu ez balitz. Joan den asteburuan haurren egunak izango ziren, eta datozenetan kuadrila, matutina eta Santa Ana zaindariaren eguna ospatuko ziren, ziurrenik, orain arte izan den moduan, jendez betetako ekintzekin. Egoera, baina, oso bestelakoa da eta duela hilabete Ordiziako alkatea den Adur Ezenarrok jakinarazi zuen festak bertan behera gelditzen zirela eta ez zela Santa Ana jairik izango.

Ez da inolako ospakizunik egingo, ez dira balkoiak kolorez jantziko, ez da ekintzarik izango. Herritarrei "arduraz" jokatzeko eskatu zien orduan Ezenarrok, eta "barnera-tzeko" zer esan nahi duen festak bertan behera gelditzeak.

Ordutik Ordizia albiste izan da birusaren lehen berragerraldia izan dela eta, eta neurriak zorroztu egin dira.

Azken aldian gazteengan jarri da begirada, zenbait lekutan egin dituzten ospakizunetan zehaztuz. Hori ekiditeko asmoarekin, bihar, asteazkena, Ordiziako Udalak gazteekin bilera egingo du, egoeraren berri emateko eta hartuko diren neurriak azaltzeko. Horretarako Ordiziako kuadrillei dei egiten die datorren arratsaldeko 18.00etan frontoian egingo den bilera informatiboan parte hartzera. Ekintza honetan ere segurtasun neurriak bete-tzeko asmoarekin, kuadrilako gehienez bi pertsona etortzea eskatzen dute, ez daitezen eman jende pilaketak eta modu ordenatu batean egiteko bilera.