- Ordiziako Udalak egun hauetan 70 urtetik gorako herritarrei maskarak banatu dizkie haien etxebizitzetan. Hain zuzen, 1.630 ale bidali dituzte, gutunazaletan sartuta, eta segurtasun eta higiene neurriak mantenduz.

Ez da adinekoei begira egin den ekimen bakarra, izan ere, Udalak gertutik jarraitu du herriko adinekoen egoera pandemia hasi zenetik. Horren adibide da Udaletik egin dituzten deiak eta abian jarritako boluntario sarea. Hain zuzen, 70 urtetik gorako pertsonekin kontaktu zuzenean daude Ongizate Saileko langileak, haien beharrak kudeatzeko eta egoera zaila izanda ere, ahalik eta eramangarriena izan dadin.

Boluntario sareak ere eman ditu bere fruituak. Martxoan deialdia egin zuen Udalak herriko adinekoei erosketak egin eta harremanetan egoteko. “Izugarrizko” harrera ona izan zuela deialdiak agertu du Maitane Alvarez alkateordeak. Hilabete hauetan boluntarioek erosketak egin dizkie hala eskatzen zuten adineko pertsonei. “Oso eskertuta gaude sortu dugun boluntario sare honekin”, gehitu du Alvarezek.

Udalak agertu dituen datuei erreparatuz, 63 boluntario egon dira aktibo, adinekoei telefonoz deiak egiten. “Nahiz eta adineko batzuk ez duten behar izan erosketak egiteko zerbitzua, jarraipena egin nahi izan zaie haien egoeraren berri izateko”, zehaztu du alkateordeak.

Bestalde, 26 boluntario aritu dira erosketak egiten. Horietatik, gaur egun, hiru pertsonak amaitutzat eman dute boluntarioen jarduera, adinekoek ez dutelako zerbitzuaren beharra. Azkenean, faseak gainditu ahala, adinekoak haien kabuz egiten ari dira erosketak, baina, hala ere, oraindik martxan dagoen zerbitzua da.