- Lazkaoko gaztetxeko kideak boluntario sarea eratzen hasi dira eta dagoeneko 30 lagun inguruk eman dute izena adineko edo arrisku taldean dauden pertsonei laguntza eskaintzeko asmoz.

Ane Insausti da antolatzaile lanetan dabilen herritar bat: "Pozgarria da ikustea zenbat jende apuntatu den besteei laguntza eskaintzeko". Kasu honetan, Lazkaoko Udalak ere jarri du bere kabuz halako ekintza martxan, eta elkarlana ez bultzatu izana leporatzen die. "Haiekin harremanetan jarri gara guztion artean koordinatuta askoz errazagoa izan litekeelako guztia, baina ez dugu erantzunik jaso. Badakigu deiak egiten hasiak direla Gizarte Zerbitzutik, baina gure ustez halako egoera batean errazagoa da guztiok sareak eraikitzea".

Bien bitartean, haiek banaketa zerbitzua martxan jarrita izango dute. Erosketaklazkaon@gmail.com helbidea sortu dute horretarako eta 688 757 603 telefonoa egokitu, eta dagoeneko egin dituzte lehen banaketak. Sare sozialetan azaldu moduan, Aitor Romerok eskerrak eman zizkien "pertsona heldu zein arrisku taldekoei laguntzeagatik erosketak egiterako orduan arriskurik har ez dezaten. Poza ematen du halako gazteak herrian ditugula jakiteak".

Boluntarioen artean ekintza protokoloa zabaldu dute eta horrekin zehazten dituzte uneoro hartu behar diren segurtasun neurri guztiak, eta nola egin behar diren erosketak inolako kontakturik egon ez dadin. Farmaziako produktuak ez dituzte erosiko.