ordizia - Ordiziako Urpekoak Sariketaren zazpigarren edizio honetan garaileak Iruñako AD San Juan taldeko Oier Irisarri eta Tolosako Igarondo Urpekoak elkarteko Irati Lakunza izan ziren. Iazko irabazle berdinak dira, nahiz eta oraingoan errekorrak ere izan diren.

Lehia bizia erakutsi zuten jokatu zituzten froga guztietan. Goizean hasi eta arratsaldean jarraitu zuten probek eta partaideek diziplina desberdinetan ondo moldatzen direla erakusteko aukera izan zuten. Irisarrik 1.956 puntu eskuratu zituen guztira, bigarrenak, Aras Karakusek (Igarondo Urpekoak-Tolosa) 1.847 puntu, eta hirugarren Irisarrien taldeko Vadim Coselev gelditu zen, 1.748 punturekin.

Emakumezkoetan, bestalde, 2.059 puntu lortu zituen tolosarrak, bigarren postuan Julia Laugé (CE Mediterrani-Bartzelona) 1.879 punturekin izan zen; eta hirugarren postua Ane Gonzalez ordiziarrarentzat izan zen, 1.796 punturekin.

marka berriak Lehen postua eskuratzeaz gain, Lakunzak Espainiako errekorra gainditu zuen 100 eskafandra proban, eta orain berea da marka. Horrez gain, Gonzalez, txapelketan lehen hiru postuetan sailkatzea lortu duen Ordiziako taldeko lehen emakumea izan da.

Aurtengoa errekorren urtea izan dela esan daiteke, eta etxekoen kasuan gainera. Izan ere, Ordiziako urpekoak Kirol Elkarteko igerilariek froga bikainak egin dituzte. Taldeko igerilarien artetik nabarmentzekoa da Josu Sarasolak eginiko Euskadiko errekor berria 200 metro urazaletik proban, markagailua 1:28.47eko denboran geldituz. Horrez gain, Gonzalezek ere, proba berean Euskadiko errekorra hobetzea lortu zuen. Hemendik aurrera 1:38.84 izango da beste igerilariek gainditu beharko duten denbora.

"oso pozik" Parte-hartzea ere ez da makala izan. Guztira, hamar taldetako 200 igerilarik parte hartu dute antolakuntzak sariketa honetarako prestatu dituen froga desberdinetan. Txoko askotakoak izan dira partaideak: kataluniakoak, balearetakoak, gaztelakoak, leongoak, nafarrak eta euskaldunak. Dudarik gabe, urtez urte indarra hartzen joan den txapelketa da eta parte-hartze zabalak argi uzten du hegatsetako igerilarientzako egutegian nabarmendutako lehiaketa dela Ordizian joka-tzen dena.

Bestalde, antolakuntza, ekitaldi honetan lorturiko denbora eta txapelketaren maila orokorrarekin oso pozik azaldu da. Hala nabarmendu du Juanjo Garin, elkarteko kideak: "Oso ondo joan zen sariketa, emai-tza oso onak lortu zituzten igerilariek". Baina ez hori bakarrik, igerilekura inguratu ziren ikusleen jarreraz ere mintzatu da: "Kirol-maila bikainaz gain, aipatzekoa da baita ere Ordiziako Majori kiroldegian izandako giro polita. Ikusle ugari gerturatu dira lehia berezi eta ikusgarri hau bertatik bertara jarraitzeko asmoarekin, eta egun osoan zehar harmailak jendez gainezka egon dira".

Ordiziarrek Udalaren eta Euskal Herriko Urpekoak Igeriketa Federazioarekin batera antolatzen dute txapelketa hau, eta dagoeneko hurrengo edizioa ilusioz prestatzen hasteko prest daude.