beasain - Goizetik hasi zen mugimendua udalerrian Odolki Kofradiaren 35. kapitulua dela eta. Igartza Jauregian elkartu ziren parte hartu zuten 25 kofradiak. Aspaldiko urteetan ez da horren parte-hartze zabala ikusi, baino atzokoan Euskal Herri osoko zein kanpoko beste txoko askotako herrietako ordezkariak elkartu ziren eguna ospatzera.

Igartzan elkartu ostean, San Martin estatuara desfilea egin zuten Goizeresi txistulari taldearen eta Loinatz Musika Eskolako bandaren laguntzarekin. Erauskin plazan dago kokatuta Loinazko San Martinen oroigarria, eta ingurua berrituta dagoenez, Beasaina etorri zifren Kofradia guztiek espazio zabalean jartzeko aukera izan zuten. Ekitaldia amaitzeko lore eskaintza egin zioten, eta ohorezko aurreskua dan-tzatu ere bai, Aurtzaka dantza taldeko kideek.

Eguneko lehen ekitaldia izan zen hori, baina beste hainbat ere izan ziren. 11.00etan guztiak meza nagusira joan ziren eta Zubimusu plazan odolkia dastatzeko aukera izan zen; Beasaingo egun handia izanda, Olano harategiaren odolkiak dastatu ahal izan zituzten bertaratu zirenek. Azken urteetan goreneko maila erakutsi dute, aurkezten diren txapelketa gehienetan lehen edo bigarren postua lortuz.

kofradiaren kide 12.00etan Kofradiaren momentu handia izan zen. Plazako kiosko txikira gerturatu ziren bai Aitor Aldasoro, Beasaingo alkatea, eta baita Kofradiako kide batzuk eta, nola ez, Ander Gonzalez sukaldaria eta dibulgatzailea eta Arrastaka Mendi Taldea, izan ere, ohorezko kofrade kide izendatu zituzten.

Kofradiako kideek Gonzalezek odolkiaren zabalkundean egiten duen lana goraipatu zuten: "Zenbaitetan atzerritarrei kosta egiten zaie odolkia jatea, koloreagatik batez ere, baina pudding beltza dela esanda estimu handiz dastatzen dute". Sukaldariak askotan erabiltzen du odolkia haren platerak egiterako orduan, haren "gustukoenetako" bat delako.

Bestalde, Arrakasta Mendi Taldeak egiten duen lana ere balioan jarri nahi izan du Kofradiak. Taldeak antolatzen duen ekitaldi nagusi eta indartsuena Ehunmilak mendi probak dira, eta urtero munduko leku guztietatik etortzen dira bertan parte hartzera korrikalariak. Sona handia hartu du eta Beasainen izena munduan barrena zabaldu izana eskertu zieten.

Bai Gonzalez eta baita Valdiviesok ere "poza" azaldu zuten Kofradiak haien izenak proposatu zituela jakin zutenean eta ohore handiz hartu zuten kargu. Biei, gainera, asko gustatzen zaien produktua dela azaldu zuten, umoreari helduz. "Ez da agian mendira eramateko produktu errazena, baina mendi buelta bat egin ostean gauza gutxi sartzen dira odolki zati bat bezain ondo", azaldu zuen Valdiviesok irribarrea galdu gabe. Hala, kofradia kide berriei medaila bat eman zieten kargua jaso ostean, eta kuadro bat ere bai, non horixe ziurtatzen den. Ondoren, bazkaria, musika eta dantzaldiak ere izan ziren, Aranealde elkartean esaterako.