- Urtemuga garrantzitsua izan du aurten Antigua auzoko Istingorra elkarteak. José María Zubizarretaren tabernan ospatu zuten inaugurazio ekitaldia urte bereko abuztuaren 14an, fundatze-data 1931ko otsailaren 26a izan bazen ere. "Hamabi pesetaren truke patata tortila, langosta erdi bi saltsekin, oilasko laurdena, gazta, ardoa, kafea, kopa eta purua izan zen egun hartako menua", azaldu dio egunkari honi Eneko Larequik, Istingorra elkarteko idazkariak.

Lagunen arteko solasaldi batetik sortu zen elkartea eta helburua elkartzeko leku bat izatea zen, mahai eta mahai-zapi bat eduki-tzeaz gain, ekintza ludiko, kultural eta benefikoak egin ahal izateko. "Antiaguako lehenengo elkartea izan zen eta gustu berdinak partekatzen zituzten auzoko hainbat pertsonen artean sortu zuten", nabarmendu du Iñaki Orubek, Istingorrako lehendakariak.

Lehenengo Istingorra 35 bazkidek sortu zuten eta denborarekin zifra hori handitzen joan da. 1944ean bazkide kopurua bikoitza zen eta 1951ean 100 bazkide zituen. Gaur egun, berriz, 255 pertsona dira Istingorrako kideak.

Bere lehenengo urteetan, sukaldaritza ekitaldi handiak antolatzeaz gain, kulturarekiko interesa nabaria zen bazkideen artean. "Horren ondorioz, Istingorra Elkarte Kulturala sortu zen eta helburua auzoko umeak musikaren bidez heztea zen", adierazi du Larequik.

Beste elkarte batzuetan bezala, nabarmentzekoa da Istingorrak izan duen gizarte-ekintzak egiteko iniziatiba ere. "Sarritan diru-bilketak egin ditugu eta donazioak eraman izan dizkiegu San Rafaeleko Neskatila Itsuei, Amor Misericordiosori eta Matia Fundazioari", azaldu du Larequik.

Kirolen esparruan, arraunaren inguruko ekimenak bultzatzen zituen Istingorrak -Amaika Bat estropadak, Esperanza kirol elkartea eta Ur kirolak, Berlingo olinpiadetarako-.

Gainera, Istingorra Antiguako jaien antolaketan parte hartzen aritu da urte askotan zehar beste entitate batzuekin batera (Antiguako Los Luises, Antiguako gizon onen elkartea, eta Peña Taurina, gaur egun Sansustene izenez ezagutzen dena), eta baita bakarrik ere.

"Bitxikeria gisa, nabarmendu daiteke Chofre enparantza eraitsi ondoren, Aste Txikia bultzatu zuela Istingorrak. Festa horretan bi nobillada ospatu ziren enparantza eramangarri batean, zeina Campo Ramónen kokatu baitzuten, San Sebastián hotelaren ondoan", azpimarratu du Larequik.

1962tik 2000. urtera Istingorrak San Sebastian eguneko bazkari ofiziala hartu zuen bere gain, zeinetara bazkideez gain, lagunak, Antiguako gainerako elkarteetako ordezkariak, agintariak eta Urrezko Danborra irabazten zutenak joaten baitziren. "Gaur egun bazkari eder bat egiten jarrai-tzen dugu egun horretan, gure auzoaren egun handia baita", nabarmendu du. Horrez gain, 2005. urtetik danborradan parte hartzen dute bertako kideek.

Pandemia egoeran ospakizunak egitea zaila denez, oraindik ez dute 90. urtemuga ospatzeko ekitaldirik aurreikusi, baina ospakizunik handiena elkartea berriro ere martxan jartzea izango dela uste dute.

Lagunarteko solasaldi batetik sortu zen elkartea eta gastronomiaz gain, ekintza ludikoak, kulturalak eta benefikoak egin zituzten

Hasieran 35 bazkide zituen Istingorrak; 1944an zifra hori bikoiztu egin zen eta 1951ean 100 bazkide zituen; gaur egun, aldiz, 255