Txaparrene pasealekutik ehunka (milaka ere bai, batzuetan) pertsona pasatzen dira egunero . Hamar urte beteko dira aurten Herrera eta Bidebieta Intxaurrondorekin eta Grosekin lotzen dituen bidegorria eta oinezkoen pasealekua zabaldu zutenetik. Ekialdeko auzoetatik Erdialdera joateko lotura zuzena da. Gainera, umeentzako jolas parkeak ere badaude inguruan eta aisialdi gune bihurtu da Txaparrene.

Jende pilaketak, hala ere, arazo batzuk ere ekarri ditu batzuen eta besteen artean eta, pandemiaren ondorioz, oinezkoen eta bizikleten kopuruak gora egin duenez, bizikidetza arazo horiek ere areagotu dira. Pasealeku osoan zehar ematen badira ere, Herrera eta Intxaurrondo arteko Garroko tunelean areagotzen dira, pasabidea estutzen baita eta oinezkoek eta bizikletek espazio bera partekatu behar baitute.

Udala egoeraz jabetzen dela esan zuen Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak, baina konponbidea erraza ez dela ere gaineratu zuen Udalbatza aurreko batzordean, EH Bilduk egindako galderari erantzunez. Onartu zuen txirrindulariak batzuetan abiadura handian joaten direla eta oinezko asko ere badabiltzala. Gaia aztertu dutela esan zuen, baina bizikletei ordezko ibilbidea eskaintzea oso zaila dela ere gaineratu zuen. Besteak beste, Jose Elosegi alkatearen hiribidetik joan daitezen bidegorria sortzea ez dela bideragarria aipatu zuen, ezta Zubiaurre pasealekutik edo Intxaurrondo kaletik ere, hiru bide horiek egun duten konfigurazioarekin oso zaila delako.

Hala ere, neurriak aztertuko dituztela ere esan zuen Aranak, txirrindulariak mantsoago joan daitezen, oinezkoentzat arriskurik sortu gabe.

Batzordean bertan pasealekuan hobekuntza batzuk egiteko asmoa badaukala Udalak esan zuen Marisol Garmendia Espazio Publikoko zinegotziak. Alde batetik, tunelaren argiteria berraztertu dute azken asteotan baina, printzipioz, ez dute aldaketarik egingo, udal iturrien arabera. Bestalde, zoruan konponketak egingo dituzte, hondoratuta dagoen lekuetan espaloia berdinduz eta lekuz kanpo dauden baldosak konponduz.

“Lehenbailehen egitea komeni da, baina gure ustez egokiena izango litzateke lurra aldatzea, arazoak ematen dituela ikusi baita eta mantentze-lanak behar baititu urtero”, esan du Garbiñe Alkizak, gaia batzordera eraman zuen EH Bilduko zinegotziak. Ekialdeko Barrutian ere lurra aldatzeko proiektua onartu zutela gogoratu du, baina pandemiaren ondorioz aurrekontua murriztean, ezin izan da gauzatu.

Tunela eta zubia

Hamar urte

Mugikortasun arazoen harira, teknikoek irtenbideren bat proposatu beharko luketela uste du Alkizak, “bizikidetza-eremua lasaiagoa izan dadin”, eta Intxaurrondoko Izbe auzo elkarteak ere hori hainbatetan eskatu duela gaineratu du.

Txaparreneko bidegorria 2011. urtean egokitu zuten, Donostiarako sarbideen gainean zubia eraikiz, alde batetik, eta Dbusen Garroko tunela egokituz (tranbia Donostiatik Errenteriaraino eramateko eraiki zuten tunela XIX. mendearen bukaeran), bestetik, Txaparrene pasealekua horrela Herrerarekin lotuz. Urte horretan bertan berritu zuten Renfeko Intxaurrondoko estazioa eta trenbidearen metro batzuk estali zituzten, Txaparrene ondoan plaza berria sortuz. Handik Ategorrietarantz zihoan errepidearen zatia ere oinezkoentzako bide bihurtu zuten eta, horrela, Ategorrietatik Herrerarainoko bidegorria eta pasealekua sortu zen, Miracruz gaina saihesten zuena.

2016. urtean Arrobitxuloko ingurua ere egokitu zuten, oinezkoen eta bizikleten ibilbideak bereiztuz tarte horretan eta estalitako jolas parkea sortuz. Datozen hilabeteotan inguru horretan bolatokia ere eraikiko dute.

Tuneleko argiteria berraztertu du Udalak eta pasealekuan zehar hondoratuta dauden guneak konponduko ditu