Haur Danborradaren orduan, eguerdian, Victoria Eugenia antzokian grabatutako emanaldia zabaldu du Donostiako Udalak. Desfile nagusian irtetzen diren ikastetxeetako ordezkariek hartu dute parte eta Sarriegiren ohiko doinu guztiak jo dituzte. Koronabirusa dela eta, 5.000 gaztetxoen desfilea ezinezkoa zen, eta antzokian, segurtasun neurriak jarraituz grabatutako emanaldiak ordezkatu behar izan du haientzat festaren unerik bereziena dena, gaztetxoek ere, pantailaren beste aldetik, San Sebastian Eguna pandemiaren mugen baitan ospa dezaten.

Atzo gauerdian helduen danborradetako ordezkariek grabatutako saioa eskaini zuen Udalak eta gaur gauerdian banderaren jaitsierarekin batera beste emanaldi berezia eskainiko du.