- Egia auzoko goiko aldean kokatutako kirol zelaiaren egoera kaskarra da aspalditik, eta 2019. urtearen bukaeran kalera ere atera ziren zelaia erabiltzen duten Kostkas klubekoak, Udalari berritu zezan eskatzeko. Belar artifizialaren egoera ikusita, mantenu lanak jada ez zirela nahikoak aldarrikatu zuten, eta soropila aldatzea beharrezkoa zela jokatzen jarraitu ahal izateko. Bertan aritzen diren jokalariek mina hartzeko arriskua dutela gogoratu zuten.

Gauzak horrela, Matigoxotegi futbol zelaiko belarra aldatzeari ekingo dio Donostiako Udalak. Lanak egiteko lehiaketa deitu du eta, esleitzen denean, bi hilabeteko epean amaituko dituzte obrak. 330.000 euroko aurrekontua izango du berrikuntzak.

EAJk eta PSE-EEk osatutako udal Gobernuak EH Bildurekin sinatutako azken orduko akordio baten ondoren, iazko aurrekontuetan lan horiek egiteko diru kopurua gorde zuten eta proiektua ere onartu zuen Donostia Kirolak 2020. urte hasieran.

Pandemia iritsi zen, ordea. Eta, horrekin batera, aurreikusitako eta abiatu gabeko inbertsioak geldiarazi zituen Udalak, osasun-krisiak izango zituen ondorio ekonomikoak nolakoak izango ziren jakin arte. Izan ere, pandemiaren ondorioz Udalaren diru-sarrrerak jaitsi egin dira eta, gainera, behar berriak ere sortu dira.

Martin Ibabe Kiroletako zinegotziak onartu zuen Donostia Kirolaren lehentasuna zela Matigoxotegiko belarra berritzea, beti ere, finantziazioa izanez gero. Hala, urte amaieran Udal Gobernuak pandemiaren eragina hasieran uste baino txikiagoa izango zela ikusi zuenean, hamalau milioi euro desblokeatu zituen hainbat proiekturi berriro heltzeko. Horietako bat izan da Matigoxotegikoa eta dagoeneko lanak egiteko lehiaketa deitu du Donostia Kirolak.

Onartutako proiektuaren arabera, belar artifiziala berrituko dute (oinarria mantenduz), baita hura urezta-tzeko sistema ere, gaur egun dagoena azken urteotan jada ez baita erabiltzen. Matigoxotegiko zelaia 1986. urtekoa da, eta 2001. urtean jarri zuten egungo belar artifiziala. Zegokion bizitza erabilgarria agortuta dauka aspalditik eta higadura ere orokorra da. Gainera, berez laua zen zelaia orain ipar-mendebaldeko ertzean hondoratuta dago eta, beraz, hori ere berdindu beharko dute zelaia erregularra izan dadin eta futbol araudiak ezarritako baldintza guztiak bete ditzan.

Lanak egingo dituztela baliatu eta ur beltzen ebakuazioa hobetu ere egingo dute proiektuaren baitan; ur metaketaren arazoak ere konponduko dituzte, bide batez.

Momentuz, hil honen bukaerara arte dago zabalik lanak egiteko proposamenak aurkezteko epea eta horiek aztertuta egingo dute esleipena.