Donostian Antzoki Zaharrean agurtu dituzte asteazken honetan haurrak Olentzerok eta Mari Domingik, Tomaxen abenturak taldekoekin taula gainetik. Aurrez gonbidapenak hartuta zituzten gaztetxoak izan dira ikazkina ikusten lehenengoak (sarrerak ordu gutxitan agortu ziren). Eta, bertaratu ezin izan dutenek, streaming bidez ere badute saioa ikusteko aukera.

Donostian bakarrik ez, beste hainbat herritan ere izan da bikotea bisitan azken egunetan eta ostegun honetarako agenda bereziki beteta dauka. Egia da ezin izango dituztela gustuko dituzten kalejirak egin eta umeak banan-banan agurtu, ezta haiekin lasai hitz egin ere, baina, hala ere, segurtasun neurriak beteta topatu dute gaztetxoekin elkartzeko modua.

Donostian bertan, esaterako, Antzoki Zaharrean egongo dira berriro beste hiru saio eskaintzen, baina kalera ere aterako dira. 13.00etatik 15.00etara auzoz auzo ibiliko dira, ibilgailu batean. Ezingo dira han eta hemen gelditu, baina leihoetatik eta espaloietatik ikazkina eta Mari Domingi ikusteko aukera izango dute haurrek.

Gipuzkoako hainbat herritan egingo dituzte horrelako ibilbideak, eta harrerak ere antolatu dituzte beste batzuetan, aurrez hitzordua hartuta eta talde txikietan, beti ere. Dena den, pandemia garaian teknologia berrietan trebatu dira eta bertaratu ezin dutenentzat hamaika bideo ere grabatu dituzte, herriz herri sare sozialen bitartez zabaldu dituztenak. Modu batera edo bestera, hemen dira dagoeneko Olentzero eta Mari Domingi.